Urtero bezala, Zuzendaritza Batzordeak elkarteko kide, erakunde, udaletxe, irakasle eta bertze hainbat boluntarioren lanarekin, urte oparoa prestatua zuten. Hagitz arrakastatsuak izaten diren ikastaro, ariketa, solasaldi, aisialdiko jarduera, kirol... Berrogeita hamar jardueratik goiti zeuden eskualdean antolatuak. Dena ongi joan zen martxoan argi gorria piztu zen arte.
Ekintzak bertan behera
Etxean gelditzeko deiarekin batera, kiroldegi, areto eta bertzelakoak hetsi zituzten eta jarduerak guztiak bertan behera gelditu behar izan ziren, bi izan ezik. Beran eskaini den frantses ikastaroak eta Arantzan izaten zen yogak segida izan zuen, aurreikusitako helburuak lortuz.
Ikastaroak martxan
Heldu den urterako zimenduak sendotuak zituen elkarteak. Berrikuntza gisa, pirograbatu ikastaroan hasiak dituzte aurten lehenbizikoz Donezteben. Horrez gain, bertze hamaika aukera ditu elkarteak eta parte hartzeko 948 45 08 78 edo 618 56 78 37 telefonora deitu behar da.
Solasaldirik ez
Jende multzorik ezin denez elkartu, hainbat herritan egitekoak zituzten solasaldiak gibelatu egin dituzte, osasun egoerak baimentzen duenean eginen dira.
Bidaiak bide beretik
Hainbat bidaia zeuden antolatuak akaberan den urterako: zazpi Euskal Herrietan barrena (sagardotegira, Donostiara, Xabierrera, Aralarrera, Arantzazura, Lezora eta Lizarrara); sei Espainiar Estatuan barrena (Andaluzia, Bartzelona, Gandia-Benidorm, Lanzarote-Tenerife...); hiru Europan barrena (Fiordoetan itsas-bidaia eta Portugal, erraterako); elkarteko lau besta (mus txapelketa, Euskal Kantu Zaharren Eguna, Soinketa Eguna eta Bazkideen Eguna).
Aurreikusitako bertze ekintzen modura, egin ahal izan ziren bakarrak martxoaren 15a artekoak izan ziren: Oianume sagardotegiko bertso bazkaria, Donostiara bisita gidatua eta Xabierrera martxoaren 10eko irteera. Zoritxarrez, hor akitu zen behi emankorraren errapeko esnea eta zerri-goseak ezkurra amets bilakatu ziren, Arkupeak elkarteko kide eta lagunen ametsak.
Mendi irteerak ere maingu
Erdizka osatu dira hilabeteroko mendizaleen irteera estimatuak ere. Nahitaezko geldialdiaren ondotik, ekainean Arizkundik Xorroxin ur-jauzira egindako joan-etorriarekin berrekin zioten ohitura osasuntsuari, osasun agintarien aholkuak errespetatuz. Guztira, sei-zazpi ateraldi izan dira osatu ahal izan direnak, beraz, bertze hainbat aferen egoera nola joan den ikusirik, franko kontent daude mendizaleak.
Loteria eskuratzeko azken egunak
Ederra izanen litzateke horrenbertze sufrikarioren ondotik urtea gozamenez akitzea, ezta? Elkarteak horretarako Eguberrietako zozketa txartelak atera ditu eta herrietako ordezkariekin harremanetan jarriz edo Doneztebeko bulegora joz eskura daitezke. Bi zenbaki dituzten txartelak eskuratu eta zorte on Eguberrietako zozketan!
Bigarren seihileko buletinak prest
Urteko uzta bilduz, prest da bigarren seihileko buletina. Abenduan hartuko dituzte herri bakoitzeko arduradunek, eta elkarteko kideen eskuetan izanen dira urtea akitu aitzinetik.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!