Nafarroako biztanleen alkohol kontsumo-tasa estatuko batez bertzeko tasaren gainetik dago

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 20a, 11:00

Espainiako Gobernuak bi urtez behin egiten duen EDADES inkestaren lehen emaitzak eman dituzte eta Nafarroako Gobernuak inkesta horretako lurraldeko datuak plazaratu ditu. Galdeketa 15-64 urte arteko herritarrei egin zieten, konfinamendu aitzinetik, otsailaren 7tik martxoaren 13ra. Konfinamenduak ikerketaren lana baldintzatu du, eta ordura arte kontaktatutako laginera murriztu dute aurtengoa: Estatuan 17.899 pertsona izan dira inkestan parte hartutakoak eta horietatik 479 Nafarroan.

Nafarroan alkoholaren kontsumoak estatuko bataz bertzekoaren gainetik egoten segitzen du, nahiz eta, azken bi urteetan beheranzko joera izan duen. 2019/2020 EDADES inkestaren arabera, inkestan parte hartutako %20,5 alkohol kopuru handia denbora tarte motzean edaten duela adierazi du; 2017/2018an eginiko inkestan %24,7 zen kontsumo mota hau egiten zuen partaideen kopurua. Estatuko bataz bertzeko zifra %15,4 kokatzen da. Nafarroan inkesta erantzun dutenen %8,9 azken 30 egunetan mozkortu dela baieztatu du. Estatu mailan, aldiz, kopurua %6,8 da.

Tabako kontsumoa

Alkoholaz gain, inkesta honetan tabakoaren kontsumoa ere aztertu dute eta Nafarroan nabarmenki goiti egin du tabakoaren kontsumoak. 2019/2020an eginiko inkestan parte hartzaileen %39,2 azken 30 egunetan tabakoa erre duela adierazi du; 2018/2019an kopurua %32,6 zen. Espainiako Estatuan bataz bertzeko joera alderantzizkoa izan da, beheranzkoa alegia: 2017an %38,8 ziren, oraingoan %36,8.

Kalamu kontsumoa

Kalamuaren kontsumoa, bai estatu mailan baita Nafarroan ere, egonkortu egin da. EDADES inkestan jaso denaren arabera, azken 30 egunetan kalamua kontsumitu dutenen kopurua %8,6 da Nafarroan eta %8 estatuan. Errezetarekin edo gabe Nafarroan hipnolasaigarriak hartzen dituztenak %7,8 dira, Espainiako Estatuan bataz bertzekoa baino gutiago.

Dirua jokatu

Nafarroan azken urtean dirua presentzialki jokatu dutenak %61,8 izan dira, estatuan baino gutiago (%63,6). Dirua jokatzearen barnean sartzen dira: loteria, kiniela eta antzerakoak. Dirua online jokatu dutenak %4,8 izan dira. 2017an dirua presentzialki jokatu zutenak gutiago ziren (%58,2) eta online jokatu zutenen kopurua egungoaren berdina. Espainiako Estatuan internetez jokatzen duten kopurua handiagoa da (%6,7) eta ia bikoiztu egin da 2017tik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun