Gutuna: Iluntasunari etxerako argia

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 15a, 17:30

Sare irabazi asmorik gabeko elkarte bat da eta bere jarduera nagusia pertsona ororen giza eskubideen defentsa egitea da. Elkartea duela urtebete martxan jarri zen eta, batez ere, euskal preso eta erbesteratuen, nahiz hauen ingurukoen eskubideak bermatu nahi dituzte.

Espetxe batek sortzen digun sentsazio iluna; espetxe politika krudel honek sortzen duen sufrimendu ilun hori; urrunketaren gordintasun ilun hori; aita, ama edo biak espetxean dituen umearen aurpegian sumatzen den iluntasun hori; larriki gaixorik den presoaren egoera ilun hori; espetxe urteak preso eta senideen bizkarrean pilatzen ari den zama gogor eta ilun hori… Iluntasun horiek guztiek adierazten digute  herri honek itxi gabeko zauriak zabalik dituela.

Argiztatu behar dugu iluntasun hori. Urratsak egitea posible dela sinetsita gaude, ari dira urratsak egiten. Ez dira nahikoak borondate politiko garbi bat adierazten ez duten bitartean. Urrunketa politikarekin amaitzea da preso guztiak haien jaiolekutik gertuen dagoen espetxean egotea, eta, gaur-gaurkoz, hori oso kasu gutxitan gertatzen ari da. 

Baina sinets dezagun presoen korapiloa askatzeko mementoa dela, eta bultza dezagun elkarrekin norabide horretan. Eta lehenengo urrats bezala, hori gertatu behar da: urrunketa amaitu eta euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko legedia bertan behera uztea.

Jakina! Hor ez da amaituko gure borroka, preso eta iheslari guztiak etxeratzea delako gure helmuga, preso eta iheslaririk gabeko herri bat dugulako amets.

Gaur-gaurkoz, Ipar eta Hego Euskal Herriko jendartearen gehiengo oso zabalak presoen etxeratzea elkarbizitza demokratikorako beharrezkoa eta onuragarria dela pentsatzen du. Dagoeneko jendartean hain errotuta dagoen borondate honek oztopoz beterik zegoen bidean argiz beteriko bidezidorra irekitzea lortu du.

Orain, etxerako bidean iluntasunari irabazi diogun argitasun eremu hori guztiz zabaltzeko mementoa da, etxeratzeko bidezidorra lau erraileko autobide bihur dadin.

Bitartean, iluntasun horiek guztiak argiztatzen jarraitu behar dugu. Kaletik eta  aktibaziotik, herri eta auzoetan egiten diren dinamiketatik, ikastetxeetatik, lantokietatik, instituzioetatik, …

Abenduaren 19an Iruñeko espetxera eginen dugun manifestazioan parte hartzeko deia egin nahi dizuegu. Preso eta iheslariak etxeratzeko bidearen parte izan nahi dugun herritar guztiok beste hitzordu garrantzitsu bat dugu. Zatoz gurekin, Izan Bidea, preso, iheslari eta deportatuak ETXERA!

Izenpetua: 

Mikel Mundiñano eta Fran Balda (Nafarroako Sareren arduradunak)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun