Proiektu aitzindaria gazteen lan-aktibazioa helburu duena

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 20a, 08:00

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, Nafar Lansarek, Baztan-Bidasoa inguruan gazteentzako lan arreta eta orientaziorako programa bat ezarri du. Programak, epe motzean, lan aukerak eta gizarte berrikuntza sortzea du helburu.

Sistema berria, Giltza, prebentzio-ikuspegia du eta ikasketak akitu dituzten edo akituko dituzten gazteentzat da. Metodologia aktiboak eta erronkarako orientazioa erabiltzen ditu, eta orientazioan, enpleguaren sorkuntzan eta hezkuntza/prestakuntzan aritzen diren eragileen eta erakundeen arteko harremanak lantzen ditu. Doneztebeko agentzian aztertu eta emaitza onak lortu ondoren, Nafarroako beste enplegu-bulego batzuetara eramanen dute, Iruñean eta Altsasun hasita.

Aktibazio-proiektua, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batera orientazio-langileentzako antolatutako Unibertsitate Aditua ikastaroaren esparruan sortu zen. Prestakuntza horren barnean esku hartzeko proiektuak abiatu nahi izan ziren. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko (NEZ) aktibazio-langileek gazteekin esku hartzeko programa berriak martxan jarri behar zirela ikusi zuten. Doneztebeko agentzia hori gauzatzeaz arduratu zen Emplea Fundazioarekin batera eta Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean, zehazki, Elizondo Lanbide Heziketa Institutuarekin.

Aurkezpena

NEZ-NLko zuzendari kudeatzailea den Mirian Marton Doneztebera joan zen azaroaren 20an, Francisco Javier Martinez Ciarekin, Hezkuntza Departamentuko Kualifikazio Profesional, Enpresa eta Enplegu Zerbitzuko zuzendariarekin, prestakuntza egin duten hamaika gazteak ezagutzeko. Bertan izan ziren Baztan, Lesaka, Bera, Leitza eta Doneztebeko Udaletako eta Malerrekako Mankomunitateko ordezkariak.

Programak aktibatzeko baliabide berria sortu du NEZ-NLn, lehentasunezko talde batentzat espezifikoa; alegia, lan-merkatura eta horren dinamiketara egokitutako baliabidea. Profesional batekin egiten den aurrez aurreko orientazioaren aurrean, eredu honetan 20 orduko tailerra sartzen da, aste berean ematen dena, erronkara bideratua eta proiektuetan oinarritutako lankidetzako ikaskuntza-metodologiarekin.

Nafarroan programa zabaltzen hasi dira  dagoeneko. Giltza tailerra hiru zonatara eraman da dagoeneko: Iruñea eta Iruñerria, Altsasu eta Tutera. 2021. urtean, gainerako agentzietara iritsiko da, eta ez da alde batera uzten beste talde batzuekin aplikatzeko aukera (iraupen luzekoak, 45 urtetik gorakoak, baztertze-arriskuan daudenak, eta abar).

Nire herria ETE bat da

Ainara BEGINO MENDIBURU, Igantzi, 2000

«Gure herrietatik kanpo egiten ditugu erosketa geihenak eta honek, berekin dakar inguruko gazteen lan falta. Gure proiektuak kooperatibak eta elkarteak sortzean datza, enpresa txiki eta ertainen nahiz autonomoen lana sustatuz». Era honetan, «herrian bertan erosketak egitea bultzatu nahi da, baita eskualdeko enplegu tasa igo, eta batez ere, gazteen langabezi tasa jaistea litzateke helburu nagusia».

Herri gaztea, herri betea

Aroa CANABAL ECHARTE, Igantzi, 2001

Aroa Canabalen proiektuak herri txikien despolulazioa du ardatz «konturatu ginen herri txikietan gazteek ez dutela elkartzeko espaziorik. Arazo honi irtenbidea emateko, herri txikietan aisialdi zentruak sortzea pentsatu nuen». Gainera, ekimen honek bi funtzio izanen lituzke «alde batetik, herrian aisialdiko espazio bat izateak gazteak herrian gelditzea eta hirietara ez joatea bultzatuko luke, baita lanpostu berriak».

Aktibatu gazteak, komertzioa gara

Maite MUTUBERRIA MINDEGIA, Doneztebe, 2001

Aktibatu gazteak, komertzioa gara proiektua Maite Mutuberria doneztebarrak eta Naroa Iriarte narbartearrak elkarlanean sortua da. Proiektu honen sorreraren arrazoi nagusia «gazteen enplegagarritasuna hobetzea eta gazteek lan mundura dituzten aukerak zabaltzea da». Honetarako, «tokian tokiko merkatua eta eros ahalmena sustatu eta indartu behar da», modu honetan «ekonomiaren zirkulazioa ahalbideratzen baita eta lanpostu berriak sortzen dira». Gaineratu dutenez, «lanpostu hauek bertako biztanleentzat izan ohi dira». Lan baldintza «duinak» izateko «kooperatiba bidezko merkatuak sustatzearen aldeko apustua» egiten dute. Azkenik, bi gazteen proiektuak «eskualdeko gazteen inplikazio eta konpromiso maila handitu eta bultzatu» nahi du. Honek, berarekin baitakar «bertako merkatuaren etorkizuna bermatzea».

Naroa IRIARTE ETXEBERRIA, Narbarte, 2001

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun