Mendialdeko 25 emakume bildu ziren Baztanen antolatu zen Emakume Abertzaleen VIII. Topaketa Feministetan

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 14a, 14:00

Mahai-inguruak akitu eta gero, otsail aldera eginen diren tailerren berri eman zuten eta geldialdi ttiki baten ondotik mahai-inguruan solastutakoari buruz taldeetan hausnartu zuten, zenbait esperientzia, ezinegon eta proposamen mahai gainean paratuz, «gaur irudikatu moduan, euskalgintza, antiarrazakeria, klase borroka eta feminismoa batera doaz».  

Larunbatean Oreretan antolatuak ziren VIII. Emakume Abertzaleen Topaketa Feministak modu deszentralizatuan egin behar izan zituzten eta horietako bat Elizondon egin zuten. Arizkunenean Nafarroako mendialdeko 25 emakume elkartu ziren Araka ditzagun gure bazterrak, lanbroak ezkutatzen dizkigunean izenburupean harreman kolonialen inguruan eztabaidatzeko. 

Goiza mahai-inguru batekin hasi zuten: Hizkuntza, arraza eta nazio zapalkuntzen arteko elkarguneetan arakatu. Iratxe Retolazak euskal genealogia (anti)arrazista azaldu zuen, euskalduntasuna eta kulturaren erresistentziak kokatuz. Pastora Filigranek, herri ijitoaren historia oinarri hartuz, espainiar pentsamendu koloniala azaldu zuen, «etsai bera dugu, eta horrek ekartzen digu elkar entzutea eta elkarrekin aritzeko bidea». Ana Murcia migranteen bizipenaz eta komunitateen suntsipenaz aritu zen, «ezin da deskolonizatu despatrialkalizatu gabe».  Eta Amaia Zufiak berriz emakume* euskaldun antiarrazisten agenda feministarako bortz gako eman zituen: 1. Zaintza lanen sozializazioaren aldeko borroka. 2. Euskara erdigunera ekartzeko akordioak eta praktikak. 3. Migrazio politikak, muga eta botere korporatiboaren kontrako borroka. 4. Espetxe politika salatzen segitu, preso politikoen etxeratzeaz gain, justiziaren arrazakeria estrukturala salatuz. 5. Herritartasun ereduaz hausnartu. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun