Irache Kontsumitzaileen Elkarteak jostailuak erosteko hainbat aholku plazaratu ditu

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 13a, 13:00

Jostailu bera %44 garestiagoa izan daiteke, erosten den establezimenduaren arabera. Hala egiaztatu du Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak, Eguberrietako jostailu-eskaintzari buruz gauzatutako ikerketa batean. Bertan zortzi jostailu-dendatan 150 jostailu baino gehiago aztertu dituzte.

Oro har, prezioak ez dira lau euro baino gehiago aldatzen

Prezio ezberdinak izan arren, erran behar da, establezimendu gehienetan bi jostailu berdinen arteko prezioaren aldea ez dela lau eurotik goitikoa izaten.

Produktua prezio jakin batean erosteko, unean bertan erosi behar da

Deskontu horietako batzuk online bakarrik daude, eta ez dute inolako eperik jakinarazten, eskaintza denbora errealean eguneratzen baita. Horrela, bezeroak erakutsitako prezioan erosi nahi badu, une horretan bertan erosi behar du. 

Katalogoen epea

Garrantzitsua da katalogoaren epeari erreparatzea. Katalogo batzuk abenduaren 24ra arte balio dute, eta bertze batzuek urtarrilaren 6ra arteko epea dute. Batzuek hasiera-data baino ez dute adierazten, baina ez noiz amaitzen den; eta informazio hori ez da nahikoa. Gainera, deskontu handienak egun batzuetako balio mugatua dute. Horregatik, erosketak aitzinetik programatzeak saria izaten du anitzetan.

Itzultzeko baldintzak

Kontsumitzailea katalogoan erositakoaz damutzen bada establezimendu batzuek jostailua itzultzeko epe bat eskaintzen dute. Garrantzitsua da informazio hori gordetzea eta begiratzea zein epe eta baldintzatan onartzen diren itzulketak. 

Kasu eman finantziazio-baldintzekin

Establezimendu batzuek erosketak finantzatzeko aukera ematen dute. Oro har, finantzaketa hori finantza-erakundearen onespenaren mende dago, edo kreditu-txartela erosten bada bakarrik eskaintzen da. Nolanahi ere, onartu aitzinetik, funtsezkoa da kontsumitzaileak finantzaketa- edo txartel-baldintzak arretaz irakurtzea.

Jasangarritasuna, elkartasuna, segurtasuna

Produktuen etiketek proiektu solidario batekin edo iraunkortasun balioen sustapenarekin bat egiten duten iragartzen dute. Berrikuntza gisa, aurten, Covid-19ari aitzin egiteko osasun segurtasuneko kontrolak betetzen ote diren azaltzen dute.

Jostailuei buruzko bertze aholku batzuk

  • Kontsumitzaileak produktuen benetako ezaugarriei buruzko informazioa behar bezala jasotzeko eskubidea du.
  • Jostailuek segurtasun arauak bete behar dituzte.
  • CE marka duten jostailuek Europar Batasuneko segurtasun arauak betetzen dituela ziurtatzen dute.
  • Jostailua haurra bere ingurunearekin harremantzeko bidea da.
  • Jostailu batek hainbat aukera izatea: errazak, sendoak, iraunkorrak edota taldean erabiltzeko modukoak izatea gomendatzen dute hezitzaileek. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun