UEMAk doan prestatzen ditu kartelak euskaraz ostalari eta merkatarientzat

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 9a, 09:00

Merkataritza, ostalaritza eta oro har zerbitzu sektorean euskara naturaltasunez erabiltzeko baliabide ugari eskaintzen ditu UEMAk, doan. Bertzeak bertze, faktura takoak, kartelak eta sektorekako hiztegiak. Orain, kartelak eta gainerakoak eskatu ahal izateko gunea osatu du.

UEMAko kide diren udalen laguntzarekin, UEMAk urtero egiten du kanpaina udalerri euskaldunetako ostalarien eta merkatarien artean, gutunak edo posta elektronikoak bidaliz, beraien zerbitzuak herriaren erakusleiho diren heinean euskara ezinbertzekoa dela nabarmenduz. Honetarako, hainbat kartel mota jarri ditu eskuragarri:

Informazioa emateko kartel orokorrak

Itxita/irekita, ordutegia, berehala nator, txukun mantendu ingurua, ezin da erre, ezin da txartelarekin ordaindu, hemen euskaraz egiten dugu, atseden eguna, erreklamazio orriak, gune pribatua, wifia, txakurrak ez/bai… Edozein establezimendurako balio duten mezu orokorrak.

Beherapenak eta denboraldi berria

Lehen/orain, deskontuak, Eguberrietako eskaintza, azken aleak, denboraldi berria, azken neurriak.

Ostalarientzako kartelak

Menuak, plater konbinatuak, garagardo bereziak ditugu, glutenik gabeko ogia dugu, eskaintza beganoa, zuku naturala, txokolatea txurroekin... Ostatu eta jatetxeetan erabil daitezkeen mezuak, batik bat, janariari lotuak.

Prebentzio neurrien berri emateko kartelak (Covid-19)

Maskara erabili behar da, 1,5 metroko distantzia mantendu, eskuak garbitu...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun