903 langabetu zeuden eskualdean azaro hondarrean, urteko kopururik handiena

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 9a, 10:00

Nekazaritza arloan bakarrik jautsi da langabetu kopurua azaroan.

Urri hondarrean baino 53 gehiagok eman dute izena Doneztebeko Enplegu Bulegoan

903 lagunek emana zuten izena Doneztebeko Enplegu Bulegoan azaro hondarrean, urrian baino 53 gehiagok. Nabarmen, urteko kopururik altuena da langabeziari dagokionez.

Adinari dagokionez, 35 eta 44 urte arteko 218 lagun daude langabezian, urrian baino zortzi gehiago. 55 urtetik goitiko 216 langabetu daude, urrian baino zazpi gehiago. 45 eta 54 urte arteko 200 langabetu daude, urrian baino hamabi gehiago. Gazteenen artean, 30 eta 34 urte arteko 88 langabetu daude (zazpi gehiago), 25 eta 29 urte arteko 70 (bi gehiago) eta 16 eta 19 urte arteko 22 (zazpi gehiago).

 

Igoerarik handiena zerbitzuetan

Zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten, eta azaroan  igoerarik handiena izan duena izan da gainera, 647tik 698ra pasatuz, 51 gehiago. Industria arloan, 119tik 120ra igo da langabetu kopurua (bat gehiago). Eraikuntzan ere bi langabetu gehiago daude azaroan, 37. Nekazaritzan, aldiz, urrian baino bi langabetu gutiago daude (26). Aitzinetik lanik egin ez dutenen artean, 22 lagun daude langabezian, urrian baino bat gehiago.

 

Urteko bilakaera

Urte berezia izaten ari da aurtengoa eta horrek, nola ez, eragina izan du langabezi datuetan ere. 2019 urte hondarrean 727 langabetu zeuden eskualdean. Normalean bezala, urtarrilean goiti egin zuen langabetu kopuruak (760). Otsailean beheiti egin bazuen ere (740), pandemiaren eraginez edo, udaberrian nabarmen goiti egin zuen langabetu kopuruak (martxoan 787, apirilean 838 eta maiatzean 856). Ekain hondarrean 815era jautsi zen langabetu kopurua, baina uztailean berriz ere 839ra igan zen. Abuztuan 837ra jautsi zen eta irailaren 824ra, baina udazkenarekin batera, urrian, berriz ere 850 langabetura igo da, eta azaroan, urteko kopururik altuenera, 903 langabetura.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun