GUTUNA: Bizikidetza demokratikoa

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 6a, 10:30

Euskal Herriak, segur aski, munduko gainerako nazio gehienek bezalaxe, aspalditik ezagutu ditu bere lurraldean, egundoko gatazkak eta liskarrak. Aski dugu pixka bat gogoratzea, azken hamarkada hauetan izandako ETAren borroka armatua eta estatuaren gerra zikina. 

Baina, jotzen badugu atzerago, hortxe agertuko zaizkigu Francoren altxamendu faxista bere errepresio, diktadura eta zapalkuntza guztiarekin, eta, horren erantzun moduan, ETAren sorrera. Baina, oraindik jarraitzen badu atzerago egiten, hor topatuko ditu Primo de Riveraren diktadura, Karlistaldiak, Iruñeko eta Nafarroako Erresumen konkista eta suntsipena, armen bidez eta abar. 

Baina, bueno, itzul gaitezen berriz ere oraingo garaira, eta, zalantzarik gabe, berehalaxe ikusiko dugu, oraindik ere, premia handia dagoela gure herrian, benetako bizikidetza demokratiko osoa lortzeko; jakina, osoa ez dugu inoiz erdietsiko, baina, behintzat, hobeago bat, uste dut, denok nahiko genukeela. 

Foro Sozial Iraunkorra 2016an sortu zen, eta, alor honetan ere, bere ekarpena egin nahian ari da azken lau  urteotan. Horretarako, beste hamazazpi erakunderen lankidetzarekin, printzipio-akordio baten bila dihardu lanean, eskubide zibil, politiko eta sozial guztiak babesteko eta indarrean jartzeko. Alde horretatik, guztiz ezinbestekoa da Frantzia eta Espainiako gobernuek urrats gehiago ematea norabide horretan, biktima batzuen diskriminazioari bukaera jartzeko, esate baterako, espetxe politikek egindako mina aitortu beharko lukete, oinarri demokratiko berriak ezarri, demokrazian sakondu eta abar. 

Baina, zoritxarrez, badakigu estatu horietatik, berez, ez direla etorriko halako ekintzak, eta, horrexegatik, Foro Sozial Iraunkorra, gorago aipatutako beste hamazazpi erakundeekin, saiatzen ari da eztabaida prozesu kolektibo eta parte hartzaile bat aktibatzen. Gauzak horrela, pertsona eta kolektibo bakoitzak hausnartu behar du ea zer ulertzen duen bizikidetza demokratikoaz eta bakeaz. Korapiloak desblokeatzeko, ezinbestekoa da gutxieneko adostasuna, eta, horretarako, zenbait gai hausnartzen dihardute, konparazio batera, enpatia, mina, errespetua, berdintasuna, eta beste batzuk. Era berean, gogoeta nola eraman aurrera, nola dinamizatu, nola erraztu, interpelatu eta konprometitu ere lantzen ari dira. 

Oroimen kritiko inklusiboan sakondu beharra dago, sufrimendu guztiak aitortzeko, iraganeko izugarrikeriak berriro ez gertatzeko bermatze aldera

Diagnostikoan, bi gaitan adostasun handia dago, alegia, indarkeria-adierazpen guztien biktima orori egiarako, aitortza ofizialerako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidea bermatzean, eta, presoen, iheslarien eta deportatuen auzia behin betiko konpontzean ere bai, oraingo salbuespenezko espetxe politika desaktibatzeko. Baina hirugarren gaian, momentuz, ez dago adostasunik; gai oso sentikorra da eta ikuspuntu ezberdinak daude. Oroimen kritiko inklusiboan sakondu beharra dago, sufrimendu guztiak aitortzeko, iraganeko izugarrikeriak berriro ez gertatzeko bermatze aldera, gizarte konpromisoa ezarri hurrengo belaunaldientzat, eta bat eta beste. Baina honetan guztian, gutxieneko eduki batzuk izatea behar-beharrezkoa da: erakunde demokratiko eta gizarte osoaren erantzukizuna, ezberdintasun ardatz asko daudelako, adina, sexua, egoera ekonomikoa, hezkuntza eta abar; parte hartze eta elkartasun handia behar da, pertsona guztien eskubide oro errespetatzeko; konpromisoa alderdi guztiek hartu beharko lukete, biktima ororen mina aitortzeko, zeren eta, oraindik dirauen sufrimenduari bukaera jarri beharko bailitzaioke.  Biktima guztiak gure egin beharko genituzke, gizarte osoarenak, alegia, parekatze eta bereizkeriarik gabe. Halaber, motibazio politikoagatik dauden preso eta iheslariei, behin betiko konponbidea eman beharko litzaieke, behingoz, gizartera daitezen. Konpromisoa hartu beharra dago, inongo biktimarik berriz ere biktima ez bihurtzeko eta giza eskubide guztiak errespetatuko dituen gizarte bat sortzeko. Azkenik, Euskal Herriak lortu nahi duen helburu politikoa eskuratu ahal izatea bermatzea, betiere, jokabide demokratikoen bitartez. 

Argi dago dena hobetu ahal dela, baina, printzipioz, ez zait batere txikia iruditzen, Foro Sozial Iraunkorra aurrera eramaten ari den lan hori guztia.

Hauexek dira, ba, Foro Sozial Iraunkorra, une honetan, lantzen ari den gaietariko batzuk, gure herrian elkarbizitza demokratiko hobeago bat erdiesteko. Argi dago dena hobetu ahal dela, baina, printzipioz, ez zait batere txikia iruditzen, Foro Sozial Iraunkorra aurrera eramaten ari den lan hori guztia. Horretarako, ekimen batzuk proposatzen ditu hurrengo hilabeteetarako: ekarpen gehiago jaso (elkarte, fundazio eta erakundeetatik) denen artean adosteko; pertsona erreferenteengandik iritziak hartu; postontzi publiko bat jarri ekarpenak egiteko; konferentzia publikoak antolatu; eta bestelako ekimen batzuk ere egin, datorren urteko maiatzaren 16a bitartean, orduan ondorioak publikoki aurkeztu. 

Xanti BEGIRISTAIN MADOTZ

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun