Literatur lanak, film laburrak eta antzezlanak sortzen laguntzeko egonaldiak Beran, Lesakan eta Leitzan

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 4a, 17:00

'Geuretik sortuak' ekimenean parte hartzen duten herrietako udalen ordezkariak Durangoko Plateruena kafe antzokian. Argazkia: Raul Bogajo/Foku.

Geuretik sortuak, euskaraz sortzeko egonaldi artistikoa, martxan jarri du Udalbiltzak. Euskal Herri osoko 25 edo 30 udalerritan antolatuko dituzte literatur lanak, film laburrak eta antzezlanak sortzen laguntzeko egonaldiak, horien artean: Beran, Lesakan eta Leitzan.

Euskaraz sortzen eta hedatzen den artea «gero eta urriagoa» dela uste du Udalbiltzak, Euskal Herriko udaletxe eta hautetsiak batzen dituen erakundeak, eta hutsune horri aitzin egiteko abiatu du Geuretik sortuak ekimena. Euskarazko lanak sortzen laguntzeko egonaldi bana antolatuko dute, hurrengo urteko lehen erdialdean, Euskal Herri osoko 25 edo 30 herritan. Sortutako lan horiek erakusteko zirkuitua osatuko dute gero herri horietan guztietan. Euskaraz sortutako literatura, zinema eta antzerkia sustatzea da helburua, eta 700.000 euroko aurrekontua aurreikusi dute. Hurrengo urtearen hasieran eginen dute sortzaileentzako deialdia.

Sortzaileak hautatzeko deialdi publiko bat egitea da erakundearen ideia. Hurrengo urte hasierarako espero dute hori, eta batzorde batek erabakiko du zein proiektu hautatu eta bakoitza zein herritara bideratu. Laguntzen zenbatekoari eta egonaldiaren iraupen zehatzari buruzko xehetasunak deialdia egiterakoan emanen dituztela jakinarazi dute.

Euskal Herriaren kohesioa helburu duten egitasmoak bultzatzea da Udalbiltzaren egiteko bat, baina orain arte ez du sekula kultur arloko ekimenik garatu. Aurten, aldiz, horretarako beharra ikusi dutela azaldu du erakundek. Oraingoz, guztira 23 herrik bat egin dute ekimenarekin, tartean: Leitza, Lesaka, eta Bera. Hemendik aitzinera gehiago ere gehituko zaizkiela espero dute Udalbiltzako ordezkariek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun