Sindikatuak dioenez «epaia hagitz gogorra izan da enpresarentzat», izan ere, «langileen ordezkariei dokumentazioa eta informazioa falta zaizkiela, patronalaren fede txarra eta arrazoi horrengatik iruzurra gertatu dela» frogatu du.
Epaiak, zehazki, «Arcelor Mittalek enpresa guztiei buruzko informazioa ez duela eman» salatu du. Era honetan, «alde batera utzi ditu etekin gehien ematen duten enpresen informazio ekonomikoa», eta, sindikatuaren hitzetan «hori fede txarraren adibide argia da auzitegiarentzat». Aditzera eman duenez, «informazioaren zati bat ingelesez zegoen, eta Interneteko lotura batera joateko agintzen zuten».
LABek adierazi duenez, «negoziaziorik ez bilatzea leporatu dio auzitegiak Arcelor Mittali» eta, «enpresak 50-100 kaleratze egiteko mehatxua egin eta bertze aukerarik ez bilatzea» salatu du. Azkenik, «epaiak LABi arrazoia eman dio», Auzitegi Nazionalak «enpresak ERTE berri hori justifikatzen duen arrazoi gehiagorik ez duela» gaineratu eta «11 urte ERTE bat erabiltzen daramatzala» erranez.
Oharrean adierazi duenez «zoritxarrez, bide judizialera jo behar izan dugu Arcelor Mittaleko langileen eskubideak berriro lortzeko».