Ikusi hemen '948 Kultura' programaren barnean besta egun hauetarako prestatu dituzten kultur jarduerak

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 2a, 17:00
Zugarramurdiko Sorginen Museoko argazkia.

Nafarroako Kultura Departamentuak abenduaren 2tik 13ra bitartean 71 jardueraz osatutako programa plazaratu du. Kultur jarduera horietatik zazpi gure eskualdeko herrietan ikusiko ditugu.

948 Kultura programak Nafarroako 50 herritan 71 jarduera artistiko eta kultural bilduko ditu, gaztelaniaz zein euskaraz, abenduaren 2tik 13ra bitartean. Ekimen honek musika, antzerkia, dantza, hitzaldiak, tailerrak eta bisitak ere barne hartuko ditu.

Hona eskualdean izanen diren jarduerak:

Arte eszenikoak eta musika

  • Ciento Volando konpainiak familia guztiarentzako ikuskizuna eskainiko du abenduaren 12an,  19:00etan, Harriondoan.
  • Malaspulgas konpainiak ilargiaren atzean euskarazko ikuskizuna eskainiko du abenduaren 13an, 17:30ean, Berako Kultura Etxean.

Museoak eta erakusketak

  • Zubietako errotan bisita gidatuak eskainiko dira asteazkenetik igandera, 11:00etatik 14:00etara. Astelehen eta astearteetan, itxita egonen da. 
  • Zugarramurdiko sorginen museoa eta lezea. Zugarramurdira bisita gidatua: historiaz betetako etxeak eskainiko da abenduaren 3tik 8ra, 12:00etan. Ordubeteko iraupena izanen du eta helduek  5€ eta 6 eta 12 urte arteko umeek 3€ ordaindu beharko dituzte. Bisitaren amaieran, infusio bat oparituko zaie bertaratutakoei. Bisita gidatuen gehienezko edukiera 11 pertsonako izanen da eta erreserbak  www.turismozugarramurdi.com webgunean egin behar dira.
  • Amaiurko arkeologia zentroa. Arkeologia zentrora eta gaztelura bisita gidatuak abenduaren  3tik 8ra, 12:30ean (euskaraz) eta 17:00etan (gaztelaniaz). Ordubeteko iraupena izanen dute eta 12 urtetik goitikoek 6 euro ordaindu beharko dituzte. Gehienez ere 12 pertsonek parte hartzen ahalko dute bisita bakoitzean.

Kultura-ondarea

  • Bertizko lorategi eta beirateetan doako bisita gidatuak eskainiko dira abenduaren 7an, 10:00etatik 14:00etara. Taldeak murriztuak izanen dira . 
  • Urdazubiko plazatik abiatuta, Alkerdiko leizeetara doako bisita gidatuak izanen dira abenduaren 5ean eta 6an, 10:00etatik aitzinera. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun