Julen Olano leitzarra txapeldunorde Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketan

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 30a, 15:00
Hirugarren mailako finalean lehiatu ziren zortzi aizkolariak aurkezpenean.

Bigarren mailakoan azken postuetan sailkatu ziren Oihan Larretxea beratarra eta Joxean Etxeberria zigatarra

Herri kirol jaialdi bikaina izan zuten azaroaren 29an Bastidako (Araba) pilotalekuan eta aizkoran, Euskal Herriko hirugarren eta bigarren mailako txapelketen finalak jokatu zituzten.

Hirugarren mailako finalean txapeldunorde Julen Olano leitzarra

Euskal  Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketaren finalean Segoviako Alvaro Garcia Hoyuelos nagusitu zen. 14 minutu eta 38 segundo behar izan zituen hiru kanaerdikoak eta bi 60 ontzakoak mozteko. Julen Olano leitzarra izan zen txapeldunorde. 24 segundo gehiago behar izan zituen lana burutzeko (15’02"). Unai Otaegi gipuzkoarrak osatu zuen podiuma (16’44"). Gibeletik sailkatu ziren laugarren posturako lehia gogorra izan zuten Etxarri Aranatzeko Goizeder Belza (17’21"), Arabako Luis Polanco (17’25") eta Arribeko Ibai Soroa (17’26"), hiruak bortz segundoren barrenean, beraz.  Arribeko Txomin Amundarain zazpigarren izan zen (19’05") eta Julen Aranberri Elorriaga II.ak lana utzi behar izan zuen.

Julen Olano leitzarra lanean Bastidako finalean. Bigarren izan zen.

 

Bigarren mailakoan Oier Kañamares txapeldun

Euskal Herriko bigarren mailako aizkora txapelketaren finalean, berriz, zazpi aizkolari aritu ziren. Arostegiko Oier Kañamares IV. nagusitu zen. Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko mozteko 23 minutu eta 38 segundo behar izan zituen. Luis Mari Txapartegi gipuzkoarra izan zen bigarren (24’19") eta podiuma osatzeko lehia estuan Hodei Ezpeleta bizkaitarra lau segundorengatik nagusitu zitzaion Dorraoko ibai Resanori. 25 minutu eta 9 segundo behar izan zituen Ezpeletak eta 25 minutu eta 13 segundo Resanok. Xabier Zaldua gipuzkoarra izan zen bosgarren (25’40") eta eskualdeko bi aizkolariek itxi zuten sailkapena: Oihan Larretxea beratarra seigarren izan zen (26’02“) eta Zigako Joxean Etxeberria seigarren (26’13").

Bigarren mailako aizkora txapelketako podiuma.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun