Bigarren eta hirugarren mailako Euskal Herriko aizkora txapelketen finalak jokatuko dituzte igandean Bastidan

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 26a, 18:00
Julen Olano leitzarra izanen da eskualdeko aizkolari bakarra hirugarren mailako finalean.

Hirugarren mailakoan Julen Olano leitzarra izanen da eskualdeko ordezkari bakarra eta bigarren mailakoan Joxean Etxeberria zigatarra eta Oihan Larretxea beratarra

Herri kirol jaialdi bikaina izanen dute azaroaren 29an, igandean 12:00etatik aitzinera Bastidako (Araba) pilotalekuan. Alde batetik, aizkoran, Euskal Herriko hirugarren eta bigarren mailako txapelketen finalak jokatuko dituzte. Bertzetik, binakako harrijasotze txapelketako bederatzigarren (Urdax Magunazelaia eta Jon Irañeta) eta hamargarren jardunaldiak (Jon Unanue Goenatxo III.a eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a) jokatuko dituzte. Ingude txapelketan Karmele Gisasola Zelai III.a eta Estibaliz Cidad izanen dira aurrez aurre. 

Hirugarren mailako finalean Julen Olano leitzarra

Euskal  Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketaren finalean parte hartuko duten zortzi aizkolarietatik lau nafarrak izanen dira: Julen Olano leitzarrarekin batera, Arribeko Txomin Amundarain eta Ibai Soroa eta Etxarri Aranatzeko Goizeder Belza ariko dira. Gipuzkoako bi aizkolari (Julen Aranberri eta Unai Otaegi, Arabako Luis Polanco eta Segoviako Alvaro Garcia Hoyuelos ere lehiatuko dira, hiru kanaerdiko eta bi 60 ontzako nork lehenago moztu.

 

Bigarren mailakoan Joxean Etxeberria eta Oihan Larretxea

Euskal Herriko bigarren mailako aizkora txapelketaren finalean, berriz, zazpi aizkolari ariko dira, horietatik lau nafarrak: Zigako Joxean Etxeberria, Berako Oihan Larretxea, Arostegiko Oier Kañamares eta Dorraoko Iban Resano. Luis Mari Txapartegi eta Xabier Zaldua gipuzkoarrek eta Hodei Ezpeleta bizkaitarrak osatuko dute zazpikoa. Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun