Hirugarren izan dira Etxeberria eta Goia Aizkolari gazteen binakako txapelketako lehen finalerdian

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 23a, 13:00
Joxean Etxeberria zigatarra eta Endika Goia beratarra hirugarren izan ziren igandean Pobesen.

Igandean Pobesen aritu ziren zigatarra eta beratarra bikote eginez eta Rodriguez-Basozabal eta Ezpeleta-Larrañagaren gibeletik sailkatu ziren.

Aizkolari gazteen binakako txapelketaren lehen jardunaldia jokatu zuten azaroaren igandean Pobesko (Araba) Urbigain pilotalekuan. Guztira sei bikote lehiatuko dira txapelketa honetan eta horietatik hiru aritu ziren igandean, tartean Zigako Joxean Etxeberriak eta Berako Endika Goiak osatutakoa. Hirugarren izan ziren saioan.

Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia Basozabal nagusitu ziren. Denera 12 minutu eta 42 segundo behar izan zituzten, bigarren izan ziren Hodei Ezpeleta eta Axel Larrañaga baino 16 segundo guttiago. Etxeberriak eta Goiak, berriz, 17 minutu eta 56 segundo behar izan zituzten.

Aitzinerago jokatuko den bertze finalerdian parte hartuko du Oier Larretxea beratarrak, Xuban Kañamares V.arekin bikoa osatuz. Unai Zabala eta Markel Zapiainek eta Ibai Soroak eta Ibon Garaiburuk ere parte hartuko dute bigarren finalerdi horretan.

Igandean Pobesen jokatutako jaialdian, binakako harri-jasotze txapelketan aritu zirten Jokin Eizmendi eta Gorka Etxeberria. Bina minutuko txandetan aritu ziren 175 kiloko harri laukizuzenarekin, 138 kiloko kubikoarekin, 100 kiloko zilindro zaharrarekin eta 100 kiloko borobilarekin eta denera 63 jasoaldi egin zituzten (7.469 kilo).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun