Baztan-Bidasoan gazteen lan-aktibazioa helburu duen proiektu aitzindari bat aztertu du Enplegu Zerbitzuak

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 20a, 16:00

Baztan-Bidasoan Nafar Lansareko prestakuntza egin duten ikasleak.

Herri bakoitzaren ingurunea ardatz, lan aukerak aztertu dituzte, «ahal izanez gero, bertan lanean gelditzeko, negozio-aukera berriak sortzeko eta herriei eusteko». Programa hori Nafarroa osora zabaldu nahi dute.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, Nafar Lansarek, Baztan-Bidasoa inguruan gazteentzako lan arreta eta orientaziorako programa bat ezarri du. Programak, epe motzean, lan aukerak eta gizarte berrikuntza sortzea du helburu.

Baztan-Bidasoa aitzindari

Sistema berria, Giltza, prebentzio-ikuspegia du eta ikasketak akitu dituzten edo akituko dituzten gazteentzat da. Metodologia aktiboak eta erronkarako orientazioa erabiltzen ditu, eta orientazioan, enpleguaren sorkuntzan eta hezkuntza/prestakuntzan aritzen diren eragileen eta erakundeen arteko harremanak lantzen ditu. Doneztebeko agentzian aztertu eta emaitza onak lortu ondoren, Nafarroako beste enplegu-bulego batzuetara eramanen dute, Iruñean eta Altsasun hasita.

Aktibazio-proiektua, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batera orientazio-langileentzako antolatutako Unibertsitate Aditua ikastaroaren esparruan sortu zen. Prestakuntza horren barnean esku hartzeko proiektuak abiatu nahi izan ziren. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko (NEZ) aktibazio-langileek gazteekin esku hartzeko programa berriak martxan jarri behar zirela ikusi zuten.  Doneztebeko agentzia hori gauzatzeaz arduratu zen Emplea Fundazioarekin batera eta Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean, zehazki, Elizondo Lanbide Heziketa Institutuarekin.

Aurkezpena

NEZ-NLko zuzendari kudeatzailea den Mirian Marton Doneztebera joan da Francisco Javier Martinez Ciarekin, Hezkuntza Departamentuko Kualifikazio Profesional, Enpresa eta Enplegu Zerbitzuko zuzendariarekin, prestakuntza egin duten 11 gazteak ezagutzeko. Bertan izan dira Baztan, Lesaka, Bera, Leitza eta Doneztebeko Udaletako eta Malerrekako Mankomunitateko ordezkariak.

Programak aktibatzeko baliabide berria sortu du NEZ-NLn, lehentasunezko talde batentzat espezifikoa; alegia, lan-merkatura eta horren dinamiketara egokitutako baliabidea. Profesional batekin egiten den aurrez aurreko orientazioaren aurrean, eredu honetan 20 orduko tailerra sartzen da, aste berean ematen dena, erronkara bideratua eta proiektuetan oinarritutako lankidetzako ikaskuntza-metodologiarekin.

«Orientazioan metodologia arinak, aktiboak eta taldekoak sartzea erabateko arrakasta izan da», azaldu du Martonek. «Gainera, erronketan oinarritutako sare-arretak (NEZ-NL, Hezkuntza, Udalak eta enpresak) Lanbide Heziketaren, enpleguaren eta etengabeko prestakuntzaren jarraipena eta koherentzia errazten du lan-bizitzan. Gazteak programan gehiago sartzen dira eta gehiago hartzen dute parte, eta horrek haien inguruneko enpleguaren errealitatea ez ezik, lan-aukera berriak sortzeko dituzten gaitasunak eta trebetasunak ere ezagutzera bultzatzen ditu. Azken finean, gauza da haiek lan-merkatuan sartzeko prestatzea eta enpresa-ehunarekin erlazionatzeko gai izatea», laburbildu du Martonek.

Nafarroako gainerako agentzietara zabaltzea

Nafarroan programa zabaltzen hasi dira jada. Bultzatzeko eta aktibatzeko Giltza tailerra hiru zonatara eraman da dagoeneko: Iruña eta Iruñerria, Altsasu eta Tutera. 2021. urtean, gainerako agentzietara iritsiko da, eta ez da alde batera uzten beste talde batzuekin aplikatzeko aukera (iraupen luzekoak, 45 urtetik gorakoak, baztertze-arriskuan daudenak, e.a.).

«Giltzak erakutsi du NEZ-NLko langileek ere berrikuntzak egiten dituztela, zerbitzu publikoak indartzea inbertsio bat dela, herritarrengana erreminta hobeak eramatea laguntzen duelako», azpimarratu du Martonek.

Doneztebe: gazteria, lurraldea eta pandemia

Esperientzia pilotua otsailean hasi zen sortzen, apirilean garatu ahal izateko. Pandemia dela-eta, atzeratu eta erronka birbideratu egin behar izan zen: industria eta lan digitaletatik hasi eta merkataritza eta ekonomia zirkularra suspertzera, Covid-19aren ondorioz. Ikuspegi horretan, zonako alkateek hartu zuten parte. Beste helburu batzuen artean hauek aurkitzen ziren: parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetzeko trebetasunak garatzea, NEZren gainean zuten ezagutza aberastea eta pandemiak sortutako egoerara eta eremuko benetako premietara egokitzea.

«Gazteak komunitateetako aktibo oso garrantzitsuak dira. Helburua da, ahal izanez gero, han lanean geratzea, negozio-aukera berriak sortzea eta herriei eusten laguntzea», azaldu du Martonek.

Elizondo LHIarekin batera 11 parte-hartzaile hautatu ziren, gehienak Administrazioa eta Finantzetako goi-mailetakoak eta konfinamendua medio lan-praktikak egiterik izan ez zutenak. Horrela, ondoren, ekainaren 15etik 19ra, tailerraren bost saioak egin zituzten, Emplea Fundazioaren eskutik. Ekainean, esperientzia hori inguruneko ekintzaileekin kontrastatu zen; bereziki, Juan Gamio aipatu nahi genuke, enplegua utzi baitzuen sagarrondoak berreskuratzeko txertaketa-tekniken bidez. Bideokonferentziak egin zituzten, eta saio presentzialetarako gela bat utzi zuen Doneztebeko Udalak.

Taldeek honako hiru proposamen hauek aurkeztu zituzten:

  • 'Aktibatu Gazteak' gizarte-berrikuntzako proiektua da, gazteak lurraldean geratzea eta belaunaldi-aldaketa defendatzen dituena, elkar laguntzeko eta belaunaldi arteko taldeak sortuaz. Hori burutzeko, kooperatiba bat sortzea proposatu zuten.
  • 'Nire herria ETE (enpresa txiki eta ertaina) bat da'. Inguruan lanik ez izatearen eta ingurunetik kanpo gero eta erosketa gehiago egitearen ondorioz, proiektuak kooperatibak eta elkarteak sortzea planteatzen zuen zeuden ete eta autonomoekin, gehienak tokiko saltokiak eta ekoizleak. Horretarako, “etiketa” edo marka propioa sortzea proposatzen zuten, produktuaren jatorria kontuan hartzen duten pertsonekin harremanak indartze aldera.
  • 'Gazte bat, herri bat' proiektuak gazteen emigrazioa ere jorratu zuen. Kultur eta aisialdiko zentrorik ez izatearekin lotzen zuten, eta, ondorioz, horiek sortzea proposatu zuten, horrekin batera lanpostuak ere sortuko ziren eta. Abiapuntu gisa, yincana bat antolatzea proposatu zuten. 

Parte-hartzaileek norberaren ezagutzan eta «gaitasun bigunetan» egindako aurrerapenak baloratu zituzten (ahuleziak, indarguneak, beldurra gainditzea, talde-lana, erantzukizunak hartzea, erabakiak hartzea), eta ingurunearen ezagutza (merkataritza-egoera), tresna informatikoak erabiltzea, e.a. ere bai. «Prestakuntza laburra izan da, baina asko ikasi dut», adierazi zuten.

NEZ-NLk Giltzaren inguruan egindako balorazioa «oso positiboa» izan da. «Parte-hartzea beste ohiko prestakuntzetan baino handiagoa izan da. Eskualdeko arazoak ezagutu eta partekatu dituzte. Jarrerak eta pertzepzioak aldatu dituzte. Espero genuena positiboki gainditu da», adierazi du Martonek. «Hamaika gazteak lanean ari dira edo ikasten jarraitzen dute, baina garrantzitsuena onura ukiezinak dira, eraldatzaileagoak», nabarmendu du Martonek.

Doneztebeko agentzia datutan

Doneztebeko agentzian, 850 bat pertsona langabezian daude eta beste 200 izena emanda egungo lana aldatu edo hobetu nahi dutelako. Zehazki, 92 gazte daude izena emanda Gazteentzako Bermea programan.

Aurtengo urteari dagokionez, agentziak 191 lanpostu kudeatu ditu, eta horietatik 119 enpresa pribatuek eskatu dituzte eta 72 erakunde publikoek.

24 prestakuntza-ekintzetan, inguruko herri hauetako 281 pertsonak hartu dute parte: Elizondo, Lekaroz, Etxalar, Bera, Lesaka, Doneztebe, Leitza eta Goizueta. Arlo hauetan eskaini da prestakuntza: arreta soziosanitarioa, industriako eragiketak, oinarrizko gaitasun digitalak, frantsesa, ingelesa, proiektu sortzaileen marketina, mendekotasunaren oinarrizko ikastaroa, e.a.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun