Hamabi ehiztari salatu dituzte Nafarroako ehiza legea eta armen araudia ez betetzeagatik

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 20a, 13:04
Salatutako 12 ehiztariei konfiskatu dizkioten armak.

Foruzaingoak 12 ehiztari salatu ditu Nafarroako 5 herritan: Goizueta, Arruitz, Gorriti, Muniain eta Baraibar. Horietatik hamarrek ehizari buruzko foru legea urratzeagatik eta beste biak armei buruzko erregelamendua ez betetzeagatik.

Ingurumena Babesteko Brigadari atxikitako foruzainek 12 ehiztariren kontrako salaketak jarri dituzte azaroaren lehen hamabostaldian, Ehizari buruzko Legearekin eta Armen Araudiarekin zerikusia duten hainbat arau-hausteengatik. Salatutako arau-hausteak Goizuetan, Arruitzen, Gorritin, Muniainen eta Baraibarren atzeman dituzte.

Hamar salaketa Ehizari eta Arrantzari buruzko 17/2005 Foru Legearen aginduak hausteagatik izan dira: lizentziarik ez aurkeztea, ehiza-barrutiko txartelik ez izatea, legez kanpoko usategiak, ehizalekuetatik kanpo ehizatzea, ehiza-arma erdiautomatikoak eramatea 3 kartutxo baino gehiagorako gaitasunarekin edo oilagorra ehizatzea txilin tradizionalik gabe.
 
Beste bi salaketak, Armen Araudia (137/93 ED) urratzeagatik jarri dituzte: bata, arma-lizentziarik gabe ehizatzeagatik, eta bestea, eskopeta gaitasunik gabeko pertsona bati uzteagatik.
 
Salaketak Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentura eta Gobernuaren Ordezkaritzara igorriko dituzte zehapen espedientea irekitzeko. Armak, aldiz, konfiskatuak geldituko dira, arrazoiak konpondu arte.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun