Jatorri amerikarra duen ohitura hau indarrez sartu da gurean ere eta azken urteotan gero eta denda gehiagok parte hartzen dute ekimen honetan. Gainera, ia sektore guztietara iritsi da beherapen kanpaina hau. Beherapenen epea, hasiera batean, ostiral bat zen, baina hagitz ohikoa da establezimenduek eskaintza horiei hainbat egunez, astebetez edo azaro osoan eustea. Badirudi ekimena eraginkorra dela, urtetik urtera handitu egiten baita salmenta kopurua.
Kontsumitzaile batzuek beraien atsekabea helarazi diote Irache Kontsumo Elkarteari, sustaturiko deskontua kanpaina hasi baino lehen garestitutako prezioan aplikatu dela adieraziz, eta, beraz, beherapena ez da hain aukera ona.
Nahiz eta interesgarriak izan daitezkeen deskontuak iragarri, produktu guztiak ez dira izaten diruditena bezain aukera ona. Izan ere, batzuetan, beherapen horiek kontsumitzaileari prezio garestia duen bertze produktu bat saltzeko erabiltzen dira. Horregatik, eskaintzak bilatzen hasi aitzinetik, garrantzitsua da zer erosi nahi den argi izatea.
Black Friday kanpainarako aholkuak
Irachek, egun hauetan ere jarrera kritikoa hartzera bultzatzen ditu kontsumitzaileak. Arduraz erosten laguntzeko, Irachek hainbat aholku proposatu ditu:
- Hartu denbora erosketak egiteko eta, lehen lehenik, erosi nahi diren produktuen zerrenda bat egin.
- Black Friday kanpaina baino lehen produktuek duten prezioa ikusi.
- Produktuak akatsik ez duela ziurtatu.
- Erosketaren tiketa gorde.
- Galdetu artikulua itzultzeko aukerei buruz.
- Ez ahaztu edozein produktu berrik bi urteko bermea duela.
- Internet bidez eginiko erosketetan, produktua jasotzen duenetik kontatzen hasita, kontsumitzaileak hamalau egun ditu produktua itzultzeko.
- Iruzurrekin kontuz ibili.
- Erosten den establezimendua edozein dela ere, erreklamatzeko helbide bat izan behar du beti.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!