Errigoraren 694 saski banatuko dituzte eskualdean

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 20a, 09:00
Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzari 302.000 euroko ekarpena eginen zaiola adierazi dute Errigoraren bultzatzaileek

Errigoraren kanpainaren bidez Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzari 302.000 euroko ekarpena eginen zaiola adierazi dute Errigoraren bultzatzaileek. Euskal Herrian 16.000 saski baino gehiago eskatu dituzte eta horien artean, eskualdean, 694 saski eskatu dituzte. Saskiak ondoko egunetan banatuko dituzte, auzolanean.

Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka kanpaina azaroaren 12an bukatu zen, eta banaketari ekin diote orain. Atzo datu gutztien berri emateko agerraldia egin zuten kanpaina sustatzen duten AEK, Ikastolen elkartea, Sortzen eta Errigorako ordezkariek.

Ekimenaren bultzatzaileen arabera, kanpaina berezia izan da aurtengoa, baina inoiz baino saski gehiagoren eskaera jaso dute, eta honengatik ekarpena inoizko emankorrena izanen dela adierazi dute. Guztira, Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzari 302.000 euroko ekarpena eginen zaio, saskien balioaren %25. Eskatu diren 16.000tik goiti saskien balioaren %25ari dagokio ekarpen horren zati handiena, eta Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskarari hauspoa ematera bideratuko dute. «Zonaldean behar handiak ditu euskalgintzak lehendik ere, eta diru honek balioko du AEK-k dituen euskaltegien, bertako ikastolen eta hezkuntza publikoko D ereduko taldeen aldeko dinamiken lana indartzeko. Baita Nafarroa erdialdean eta hegoaldean euskara plazara ekarri nahi duen egitasmo berriak, Agerraldiak, bere agenda garatzeko nahikoa baliabide izan dezan ere. Baina aurten, pandemiak euskara eta euskalgintza hain estu hartu dituen honetan, Korrika gibelatu dela eta Herri Urrats zein Sortzenen jaia bertan behera gelditu direla, saskiko 5 euroko ekarpen osagarria egin dugu, AEK-ri, Seaskari eta Sortzeni zuzenean bideratzeko».

Emaitzak ikusita esker oneko hitzak izan dituzte antolatzaileek: «bihotzez diogu hitzez azaltzeko zaila den zirrara eragiten digula elkartasun erakustaldi honek eta inoiz baino harroago gaudela gure komunitateaz, Errigora osatzen duten sarekide, euskaltzale, ekoizle eta askotariko herritar ederrez».

Lurraldeko datuak

UDALERRIA Saski beltza Saski berdea Saski zuria Guztira
Arantza 19 9 3 31
Baztan 48 41 6 95
Bera 43 32 11 86
Doneztebe 101 36 12 149
Igantzi 26 6 3 35
Lesaka 24 34 2 60
Leitza 100 55 19 174
Areso 12 8 2 22
Goizueta 24 11 7 42
GUZTIRA 397 232 65 694

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun