LOMLOE hezkuntza-lege berria ulertzeko hainbat gako

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 21a, 13:00
Amazabal institutuko ikasleak patioan.

Aste honetan onartu dute Espainiako Kongresuan azken 40 urteotako zortzigarren hezkuntza-legea izaten ahal dena. Orain, Senatura igaroko da legea onarpen prozeduraren azken txanpa gainditzeko.

LOMLOE izanen da Espainian onartuko duten zortzigarren hezkuntza-legea 1978az geroztik. Hona hemen hezkuntza-lege berri honen gako nagusiak:

  • Ikastetxe itunduak. LOMLOErekin ikastetxeen itunari buruzko erabakia Gobernu autonomikoak hartuko du. Aldaketa horrekin saihestu nahi da azkenean ikastetxe publikoak izatea, batez ere, baliabide gutxiagoko familien ikasleak biltzen dituztenak eta, hartara, berdintasun handiagoaren alde egitea.
  • Hizkuntza koofizialak. Hizkuntza ofizial bat baino gehiago duten autonomia erkidegoetan, ikasleak Norberaren Hizkuntza eta Literatura arloaren ebaluazioa egitetik salbuetsita egon daitezke.
  • Erlijioa ez da kontuan hartuko notarako. Ikastetxeek ikasgai modura nahitaez eman beharko dute baina ez dute espedientean batez besteko nota jartzerakoan kontuan hartuko eta, beraz, erlijioak ez du gehituko unibertsitatean sartzeko edo beka bat eskuratzeko orduan.
  • Curriculuma gaitasunen arabera. Ministerioaren asmoa da ikasleak buruz ikasi behar diren edukietan oinarritutako ikaskuntza alde batera uztea eta, horren lekuan, ikasketa prozesua gaitasunen arabera garatzea. Gobernu zentralak bi hizkuntza ofizial dituzten autonomia-erkidegoetan curriculum-aren % 55aren gaineko eskumenak izanen ditu, eta hizkuntza ofizial bakarra duten erkidegoetan edukien % 65aren gainekoak.
  • Kurtsoa errepikatzea. LOMLOEk derrigorrezko hezkuntzako etapa osoan bi aldiz, gehienez, errepikatu ahal izatea mugatu nahi du. Gainera, irakasle taldeak erabakiko du errepikatzea komeni den ala ez, ikasle bakoitzaren kasua baloratuz, bi irakasgai edo gehiago gainditu dituen kontuan hartu gabe.
  • Itunpeko ikastetxeetan sexuaren araberako bereizketarekin amaitzea. Sexuaren arabera banatzen ez duten ikastetxeek lehentasunezko arreta izanen dute. Hau da, «hezkidetzaren printzipioaren arabera antolatzen diren» ikastetxeei emanen zaie lehentasuna itunen araubidean.
  • Hezkuntza berezia. Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleak eskola arruntetan sartzearen aldeko apustua egin nahi du LOMLOEk, normalizazio- eta inklusio-printzipioei jarraituz.
  • Hizkuntza. Lege berriaren helburua da derrigorrezko etaparen amaieran gaztelania eta autonomia erkidegoko hizkuntza koofiziala, biak, menderatzea.
  • Haur Hezkuntzako lehen zikloko plazak. 0-3 urte bitarteko plaza publikoak gehituko dituzte.
  • Hezkuntza afektibo-sexuala. Osasunerako hezkuntza sustatzea, Lehen Hezkuntzatik hezkuntza afektibo-sexuala ikasgaia eskainiz.
  • Landa-eremuko ikastetxeak. Lehen Hezkuntzan ikasleei doako plaza bermatuko zaie, ahal den neurrian udalerrian bertan edo hurbilen dagoen ikastetxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun