Cederna Garalur elkarteak banda zabalari buruzko gida argitaratu du

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 16a, 14:00

Gida gaztelaniaz dago jada Elkartearen webgunean, eta laster argitaratuko omen da euskaraz. Dena den, gida aurkezteko online lan-saioak antolatzeko asmoa du elkarteak..

Nafarroako mendialdeko toki-erakundeei eta herritarrei bideratuta, Cederna Garalur Elkarteak banda zabalari buruzko gida argitaratu du. Elkartearen web orrian eskuragarri dago gida horren gaztelaniazko bertsioa eta, diotenez, laster euskarazko bertsioa argitaratuko omen dute. Halaber, gida aurkezteko online lan-saioak antolatzea aurreikusi dute.

Gida bi zati nagusitan banatzen da. Lehen kapituluak herritarrei bideratuta daude, eta banda zabalari eta konektibitateari buruzko kontsulta ohikoenak laburbilduta eta modu didaktikoan azaltzen dituzte; bertzeak bertze, banda zabaleko sare-motak, horien gaitasuna eta eskaini ditzaketen zerbitzuak, baita Internet bidez edukiak banatzeko merkataritza-ereduak ere. Bigarren zatia toki-erakundeei bideratuta dago. Zati honetan, telekomunikazio-sare baten kudeaketa-ereduak eta sareak hedatzeko eskualdeetako eta nazioko planak azaltzen dituzte. Hondarreko kapituluek, azkenik, banda zabaleko telekomunikazio-sareak hedatzeari buruz indarrean dagoen legeriaren alderdi garrantzitsuenak jasotzen dituzte.

Ibon Mimentzaren, Elkarteko kudeatzailearen, hitzetan  «pandemiak eragindako egoerak erakutsi digu banda zabala funtsezko zerbitzua dela enpresentzat, administrazio publikoentzat eta, batez ere, gure bizilagunen ongizaterako, hezkuntzarako, familien arteko komunikaziorako edo aisialdirako». Ildo horretan, gidak «Nafarroako Mendialdean eten digitala ezabatzen lagunduko duen tresna» izan nahi duela adierazi du.

Informazio gehiagorako Ibon Mimentza de Irala, Cederna Garalur Elkarteko zuzendariarekin harremanetan jar daiteke 600 44 11 70 telefonoan edo imimentza@cederna.es e-Postan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun