Mingain urdinaren kontra buru-belarri

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 15a, 09:00

Joan den hilabetean Baztango ixtegi batean mingain urdinaren gaitzean kasu positibo bat agertu ondotik animalien mugimenduak mugatu dituzte 50 kilometroko eremuan. Birusaren kontrako txertaketa kanpaina bete-betean ari dira eskualdeko albaitariak. Horretaz aritu dira Josu Sarobe Karrikas Nafarroako Gobernuko Abeltzaintzako Departamentuko albaitaria, Juan Ramon Ostiz Apeztegia Doneztebeko Albaitaritza Zentro Teknikoko albaitaria eta Oier Usandizaga Larrañaga Elizondoko Albaikide albaitaritzako albaitaria.

Bai abeltzainak bai albaitariak «ustekabean» harrapatu ditu mingain urdinaren gaitzak. Halaxe aitortu digu Josu Sarobe Karrikas Nafarroako Gobernuko Abeltzaintzako Departamentuko albaitariak. «Egun batetik bertzera, bat-batean» agertu dela dio, «eta ez genuen espero». Halere, neurriak hartuta bete-betean sartu dira mingain urdinaren kontrako txertaketa kanpainan. Nafarroako Gobernuak 800.000 euroko inbertsioa egin du eta 350.000 animalia txertatuko dituzte. 

«Gaixotasuna egun batetik bertzera bat-batean agertu da, ez genuen espero»

Josu SAROBE, albaitaria

Culicoides izeneko moskitoen bidez kutsatzen den eritasuna da mingain urdina, bereziki hausnarkariei eragiten diena. Josu Sarobe, Doneztebeko Albaitaritza Zentro Teknikoko Juan Ramon Ostiz Apeztegia eta Elizondoko Albaikide albaitaritzako Oier Usandizaga Larrañaga albaitariek azaldu digutenez, «ez da gizakiei transmititzen eta bereziki, ardi-, ahuntz- eta behi-aziendei eragiten die». Moskitoak animalia horiei ausiki egiten dielarik hainbat sintoma izaten dituela azaldu digu Sarobek: «arnas aparatuari eragin eta birikak betetzen zaizkie, burua eta mingaina hanpatzen zaizkie, ahoan eta atzaparretan ultzera ttiki batzuk ateratzen zaizkie, ahoan petekia edo puntu gorri batzuk agertzen zaizkie...». Ostizek gaineratu duenez, «nahiko sintoma argiak dira».

«Mingain urdinaren sintomak nahiko argiak dira»

Juan Ramon OSTIZ, albaitaria

Lehenbiziko positiboa Baztanen
Mingain urdina kontrolatzeko programaren barne, Nafarroako Gobernuak egiten dituen kontrol batean hasi zen dena. Sarobek kontatu digunez, «zentinela deitzen zaien ixtegi batzuetako animaliak txertatu gabe uzten ditugu, antigorputzik gabe, eta hilabetero odola hartzera joaten gara, eritasuna kontrolatzeko». Hain zuzen, «Malerrekan dagoen zentinela batean agertu zen Nafarroako lehenbiziko kasua. Horrek alerta piztu zigun. Gerora, albaitari kliniko batek Baztango behi-azienda bati mingain urdinaren sintomak ikusi zizkion eta lagina hartu genuenean baieztatu genuen positiboa zela. Malerrekakoa ez zen kasu garbia, baina Baztangoa arras garbi gelditu zen». 

Mugikortasuna mugatua 
Mingain urdina derrigorrez aitortu beharreko gaixotasuna da, eta positiboa baieztatzearekin batera, izendapena indarrean jarri zuten eta, gisa berean, fokuaren 50 kilometroko eremuan mugimenduak mugatu zituzten, Nafarroa erdialdean eta iparraldean eta Gipuzkoan Goierriraino eta Debaraino. Abeltzainek ezin dituzte animaliak mugatutako eremutik kanpo merkaturatu. Sarobek erran digunez, «mugatutako eremuaren barnean mugimenduak egin daitezke, baita eremu garbitik kaltetutakora ere, baina kaltetutakotik ezin dira atera». 

Zenbait baldintza betetzen badituzte soilik atera daitezke mugatutako eremutik. Sarobek, Ostizek eta Usandizagak azaldu digutenez, «txertoa emana baldin badute, edo bertzela, 14 egunez desinfektatzaile batekin egon eta ondotik, PCR proban negatibo ematen badute atera daitezke». 

«Txertatzeko abeltzain bakoitzak bere albaitari pribatuarekin harremanetan jarri behar du»

Oier USANDIZAGA, albaitaria

Txertoa 
Duela aste pare bat hasi ziren albaitariak txertaketa kanpainarekin. Usandizagak kontatu digunez, «gobernuak hala eskatuta, arrisku handiena izan zezaketen ixtegietan hasi ginen txertoak paratzen. Joan den astean, berriz, denendako txertoak jaso genituen eta orain, horretan ari gara». Abeltzain bakoitzak «gobernuak izendatutako albaitari klinikoa» omen du eta horrekin lotuta, Sarobek «txertatzeko abeltzain bakoitzak bere albaitari pribatuarekin harremanetan jarri behar duela» oroitarazi du. 

Aldaketak ere izan dira txertoan. Ostizek azaldu digunez, «lehen txertoa eman eta handik hiruzpalau astera berriz eman behar izaten zitzaien. Orain, ardien kasuan, txertoa behin ematearekin aski da. Behietan, berriz, txertoa eman eta hiru asteren buruan errepikatzen dute». Bere irudiko txertoak «gero eta hobeak» dira.

 

Mingain urdinak «24 serotipo» dituela argitu digute Sarobek eta Usandizagak. «Frantziako estatuan, adibidez, laugarrena eta zortzigarrena dituzte, eta Espainiako estatuan, Extremadura eta Andaluzia aldean, lehenbizikoa eta laugarrena. Baztanen izan den agerraldian zortzigarrena agertu da», dio Sarobek. Usandizagak, bere aldetik, «behietan zortzigarren tipoa bi alditan eta ardietan laugarren eta zortzigarren tipoa dosi bakarrean» txertatzen ari direla kontatu digu. Bi kasuetan «urtebeteko eraginkortasuna» duela gaineratu du, nahiz eta «administrazioak irizpide horiek alda ditzakeen egoeraren kontrola galtzen hasten bada». 
Gaitza «bat-batean eta txertoa prest izan gabe» agertu izanak «abeltzainen artean eragozpenak eta nahigabea sortu dituela aitortu digu Ostizek. Albaikidekoak «nahiko lanpetuak» ari direla aipatu digu, «hasieran jendea larritu delako». Horregatik, «jendeari pazientzia izateko» eskatu die Doneztebeko albaitariak, eta baikor mintzatu da: «txertoak nahiko ongi funtzionatzen du eta gaitza kontrolatu izan da. Jendea baikorra izan dadila eta ea epe laburrean kontrolatzen ahal dugun». Bere esperientzian oinarrituta, «galera ekonomikoaren beldur, bizpahiru urtez txertoa eman beharko dela» iruditzen zaio, eta behin epe hori pasatuta, «kasurik agertzen ez bada, txertoa emateari utziko diote». 

«Txertoak ongi funtzionatzen du»

Juan Ramon OSTIZ, albaitaria

Bertzalde, kanpaina «garestia» dela azaldu du Usandizagak, «txertoak direla, albaitarien lana dela... azpiegitura handia da eta gastu handia sortzen du». Hortaz, «aitzinera begira kanpainaren iraupena eritasunak baino gehiago ekonomiak erabakiko duela» iruditzen zaio.  

Txertoaren bueltan aziendek izan ditzaketen ondorioak ere aipatu dituzte. Usandizagaren ustez, «aunitzetan, eritasunak baino kezka handiagoa sortzen dute txertoen ondorioek. Txertoa emateko momentuak ardiengan estres handia sortzen du eta gerta daiteke horren ondorioz, ardiren batek abortua izatea edo lehendik ahul dagoen ardi bat txertoa eman eta bi egunen buruan hiltzea. Halakoak gerta daitezke, baina ez dira ohikoak».  

«Ez da huskeria eta Nafarroako abeltzaintzan eragin ekonomiko handia izan dezake».

Josu SAROBE, albaitaria

Ondorio ekonomikoak 
Mingain urdinaren eragin ekonomikoaz ere mintzatu dira hiru albaitariak, Sarobek dioenez, «herrialde bakoitzeko legedia diferentea» delako. Usandizagaren hitzetan, «Nafarroan, txertatua baldin badago edo babes neurriak hartuak baldin badira, ez dago animalia kaltetutako eremutik ateratzeko arazorik. Kanpora egiten diren esportazioek sor dezakete arazoa. Turkiak, adibidez, estatu espainiarretik haragirik ez duela erosiko erran du». Sarobek honela azaldu digu: «Erriberakoek aratze eta ardiak Libano, Libia, Aljeria eta Egiptora mugitzen dituzte eta hemen mingain urdina izanda, esportazio horiek alde batera utz ditzakete, baita bi urtez ere». Hortaz, berez, eskualdean «eragin ttikiagoa» izanda ere, «dena kate baten baitan» dagoela nabarmendu du gobernuko albaitariak, «hemendik Erriberara eramaten delako». Hortaz, «ez dela huskeria eta Nafarroako abeltzaintzan eragin ekonomiko handia izan dezakeela» ohartarazi du. 

Abendura arte
Momentuko egoerari erreparatuz, arazoak «abendu erditsura arte» iraunen duela iruditzen zaio Saroberi, «moskitorik ez badago, estatu mailako buletin ofizialean aldi baterako eremu libre izendatuko dute eta neurriak arinduko dituzte». Baina berez hotzarekin desagertzen diren moskitoak ikusi egin behar zein bide hartzen duten: «gero eta negu suabeagoa egiten duelako», dio Ostizek. Sarobek, berriz, hainbat tokitan moskito horiek kontrolatzeko gobernuak dituen tranpen gaia atera du: «Beran dagoen tranpan moskitoak atzemanez gero, Malerreka eta Bortziriak ez dira eremu librera pasako». 
Kontuak kontu, «lehenbailehen txertoa ematearen garrantziaz» aritu dira hiru albaitariak. Eta bereziki ardiengan jarri du arreta Sarobek: «2008an gaitzak ardien %20-30 hil zituen. Behietan aise motelagoa da eritasuna eta ez du aparteko arazorik sortzen». 

«Txetoa lehenbailehen ematea hobe da»

Oier USANDIZAGA, albaitaria

Usandizagak gehiago ere erran du: «ardietan umatu baino lehen txertatzeko aholkatuko nuke. Artzainei beldurra ematen die umatu baino lehen txertoak abortuak eragin ditzakeelako. Baina gero, esnea produzitzen ari direnean, ez dakigu ekoizpena jaitsi daitekeen edo ez, eta ardi bati ekoizpena jaisten zaiolarik gero ez zaio bueltatzen». Areago: «parasitoen kontrako edo enterotoxemia txertoak emateko ohitura dutenei, mingain urdinarena baino lehenago paratzeko» gomendatu die, «arazo guttiago sor daitezkeela» uste duelako. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun