Azken hilabeteetan, iturri berriztagarrien bidez energia elektrikoa sortzeko proiektu berriak egiteko izapideak hasi dira: haize erroten instalazio handiak, IrunĖerriko iparraldean, Estella-Lizarraldea, Bortziriak, Larraga, besteak beste. Aurrekoarekin batera, instalazio fotovoltaiko handiak, Erreniegako mendi magaletan eta Erriberri inguruko mendilerroetan beste batzuen artean.
Megaproiektu hauek enpresa ezagun eta inbertitzaile handiek sustatzen dituzte, eta haien helburu nagusia euren onura ekonomikoa da, tokiko baliabideak probestuz, betiere funtsean merkataritza logika bati jarraituz. Sustatutako instalazio horien bidez, eskala handiko beharrak direla eta, hainbat kalte negatibo eragiten dira eremuan (paisaiaren narriadura, fauna eta floran eragina, ingurumen balioa duen lurzoru emankorra hipotekatzen da, baliabide turistikoak murrizten dira,...). Horiek guztiek bertatik bertara jasan beharreko inpaktu larriak eragiten dituzte.
Aldiz, sortutako energia elektrikoa saldu egiten da, eta udalek ez dute ordainsaririk jasotzen instalazioetatik ateratzen diren etekinei dagokienez. Gainera, inguruko komunitateetako pertsonek ere, normalean kaltetuak, ez dute inolako onura garrantzitsurik lortzen.
Indarrean dagoen sistema elektrikoari dagokionez, energetikoki ez du zentzurik gutxi batzuen eskuetan dagoen sorkuntza-eredu zentralizatu beraren alde apostu egiten jarraitzeak, baina “berdea”, hain justu ere energia-trantsizio gisa saldu nahi zaiguna.
Nafarroako Energia Balantzeari buruz argitaratutako azken txostena aztertuz gero, kontuan hartu behar da 2018an Nafarroan kontsumitutako energia guztiaren %20,21 baino ez zela izan energia elektrikoa. Eta energia berriztagarrietatik sortutako Nafarroako ekoizpen elektriko osoaren ehunekoa bilatzen badugu, ehuneko hori %69,22koa izan zen 2018an. 2030 ikusmuga Nafarroako plan energetikoan baliabide fosiletan oinarritutako sektoreak elektrifikatzea aurreikusten dela kontutan harturik eta tokiko baliabideen bidezko energiaren autohornikuntzari bultzada eman behar zaiola, argi dago energia berriztagarriek zeregin garrantzitsua izango dutela bide horretan.
Energia Gara Nafarroan, baliabide berriztagarrien bidez energia elektrikoaren sorkuntzan oinarritutako energia-trantsizio eredu baten aldekoak gara, baina modu banatuan, lurralde osoan modu orekatuan banatutako instalazio txikietan. Horretarako, eguzki-energiaren kasuan, dagoeneko eraikita dauden eremuak erabiliz. Garatutako sorkuntza-instalazio horiek bertatik bertara herritarrek horrela erabaki dutelako, komunitatearen inplikazioarekin, kontsumo-puntuetatik hurbil eta gure eguneroko bizitzarako behar dugun energia elektrikoa modu eraginkorrean ulertzeko eta erabiltzen hasteko aukera emanen digutelako garatuko baitira. Eredu hori autohornikuntzan oinarrituta egon daiteke. Energia elektrikoaren autohornikuntza, egun, guztiz legezkoa eta bidezkoa da, bai banaka baita taldeka egiteko ere.
Era berean, uste dugu, ama lurraren jasangarritasuna posible izan dadin, eredu honek, halaber, bizitzeko eta kontsumitzeko erari aplikatutako kooperatibismoaren, ekofeminismoaren eta desazkundearen balioak kontutan hartu beharko dituela.
Planteatzen ari garen sorkuntza eta kontsumo demokratizaturako eredu hau guztiz normalizatuta dago Europako herrialdeetan energia berriztagarrien balizko garapen guztietan. Egun, Nafarroan eta inguruko lurraldeetan, herritar komunitate energetikoak garatzen ari dira; etxeetako, enpresetako eta ekipamenduetako eguzki autohornikuntza fotovoltaikoa nabarmen ari da hazten, eta iada errealitate diren proiektu txiki batzuk martxan daude iada, bai haize-erroten instalazioetan, baita hidraulikoetan eta fotovoltaikoetan ere.
Hausnarketarako galdera batekin eta esaldi batekin bukatu nahi dugu agurtu baino lehen:
Energia elektrikoa sortzeko zein eredu garatu nahi dugun eztabaidatzeko aukera izango dugu, eta gai izango gara gure herri, hiri, eskualde edo haranetan zein energia trantsizio eredua nahi dugun adosteko?
Berriztagarriak bai, baina ez horrela.
Izenpetua:
Energia Gara Nafarroa - Som Energia