Sakelakoarekin gidatzeagatik sei puntu kenduko dituzte eta gerrikoa edo kaskoa ez erabiltzeagatik lau puntu

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 11a, 13:00
Ibilgailua gidatu bidenabar sakelakoa erabiltzeagatik sei puntu kenduko dituzte hemendik aitzinera.

Espainiako Gobernuak trafikoari buruzko lege-erreforma multzo bat onartu du, neurriak zorroztuz. Bertzeak bertze, ibilgailua gidatu bitartean sakelako telefonoa erabiltzeagatik kenduko dituzten puntuak hirutik seira igo ditu, herri barrenean errei bakarreko karriketan 30 kilometro orduko abiadura muga ezarriko du, eta patinetearen erabilera arautu du, gehienez ere 25 kilometro orduko abiaduran ibil ahal izanen dira.

Lege-erreforma honen helburua bide-segurtasunaren eredu berri bat sortzea da, «Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioekin bat etorriz, hurrengo hamarkadan hildako eta zauritu larrien kopurua %50 murrizteko». Neurri gehienak 2021eko urtarrilaren 2an sartuko dituzte indarrean eta herri barreneko abiadura mugari buruzko aginduak, berriz, estatuko buletin ofizialean argitaratzen dituzten momentutik sei hilabetera sartuko dituzte indarrean.

Hauek dira hartutako erabaki adierazgarrienak:

Puntu bidezko gidabaimena

  • Ibilgailua gidatu bitartean sakelako telefonoa erabiltzeagatik sei puntu kenduko dituzte (orain arte hiru puntu). Bere horretan segituko du 200 euroko isunak.
  • Segurtasun-uhala, haurrak atxikitzeko sistemak, kaskoa eta bertzelako babes-elementuak ez erabiltzeagatik lau puntu kenduko dituzte. Gainera, elementu horiek gaizki erabiltzea zigortu eginen dute.
  • Radarrak atzemateko mekanismoak instalatuta izatea, nahiz eta desaktibatuak izan, arau-hauste larria izanen da, eta gidariak hiru puntu galtzearekin batera 500 euroko isuna ordaindu beharko du.
  • Trafiko Zuzendaritza Nagusiak ziurtatutako ikastaroak egiteagatik gidabaimeneko bi puntu berreskuratu ahal izanen dira.
  • Puntuen hasierako kopurua berreskuratzeko, gidariak bi urte arau-hausterik egin gabe pasa beharko ditu.

Herri barreneko mugikortasuna

  • Errepide eta espaloi plataforma bakarra duten bideetan ezin izanen da 20 kilometro orduko abiadura gainditu.
  • Noranzko bakoitzeko errei bakarretan, abiadura muga 30 kilometro ordukoa izanen da.
  • Noranzko bakoitzeko bi errei edo gehiago dituztenetan bideetan, abiadura muga 50 kilometro ordukoa izanen da.

Patinete elektrikoak

  • Ibilgailu hauen baimendutako gehienezko abiadura 25 kilometro ordukoa izanen da. 
  • Patineteak ezin izanen dira espaloi eta oinezkoentzako eremuetan, zeharbideetan, autobideetan, autobietan, ezta tuneletan ere ibili.
  • Patineteko gidariek bertze edozein ibilgailutako gidariek bete beharreko arau berak bete beharko dituzte; beraz, alkoholemia-proba egin ahal izanen zaie eta ezin izanen dute entzungailurik erabili.

Gidabaimena

  • Kamioiak gidatzeko eskatzen den gutxieneko adina 21 urtetik 18 urtera jaitsi dute, eta Gaitasun Profesionalaren Ziurtagiria (IGL) gainditua izan behar dute gidari berriek.
  • Era berean, 18 urtera jaitsi dute autobusak gidatzeko gutxieneko adina, baina bidaiaririk gabe eta gehienez ere 50 kilometroko erradioan. 21 urtetik aitzinera bakarrik eraman ahal izanen dituzte bidaiariak, eta ILZ edukita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun