Nafarroako Gobernuak tximiniak ongi erabiltzeak etxebizitzetan suteak saihesteko duen garrantzia gogorarazi du

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 10a, 14:00

Sute detektagailua sute baten hasiera garaiz identifikatzeko neurri bikaina izan daiteke.

Etxeko gainerako elementuetatik isolatuta dagoela egiaztatzea eta aldian behin mantentze-lanak egitea gomendatzen du.

Nafarroako Gobernuak, Suhiltzaileen Zerbitzuaren bidez, tximiniak ongi erabiltzearen, mantentzearen eta isolatzearen garrantzia gogorarazi du, etxebizitzetan suteei aurrea hartzeko neurri gisa. Hauen erabilera eta mantentze egokiari buruzko oinarrizko aholku batzuk ere eskaini ditu.

Zehazki, tximiniak profesionalek eraiki edo berritzea gomendatzen da; izan ere, keak ateratzeko hodiak berotik guztiz isolatuta egon behar dute eta, beraz, isolaturik dagoen eta kalitate-estandarrak betetzen dituen egiaztatu behar da.

Egurrak, su hartzean, hondakin batzuk distilatzen ditu, tximiniaren hodietan metatzen direnak. Hondakin hauek erraz su hartu dezakete eta horixe da, hain zuzen, sute hauek sortzearen arrazoi nagusia.

Aldizkako garbiketak

Suteak saihesteko, Nafarroako Gobernuak tximinia, egunero erabiltzen bada, urtero garbitzea gomendatzen du, eta, aldiz, maiztasun txikiagoarekin erabiltzen bada bi edo hiru urtean behin. Garbiketa lan horiek profesionalek egin behar dituzte.

Aholkuen artean, sua egiteko egur lehor eta gogorrak erabiltzea (haritza, artea edo pagoa) eta bigunak (pinua edo makala) saihestea gomendatzen da.

Tximiniaren inguruan segurtasun-eremu bat sortu behar da, sutik bi metro baino gutxiagora material erregairik ez jartzea ziurtatu, eta txinpartak ez ateratzeko tximinia estalkidunak erabiltzea gomendatzen da. Halaber, sua guztiz itzaltzen dela bermatzea garrantzitsua da, batez ere, etxetik irtetean.

Azkenik, Nafarroako Gobernuak, gogorarazi du, kea edo sua ikusten bada, berehala, 112 telefono-zenbakira deitu behar dela. Deitu ondoren, tximinia itzali egin behar da, eta pertsona gai bada, suhiltzaileak iristen diren bitartean sua itzaltzen saiatu behar da, baina norbera arriskuan jarri gabe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun