Bezeroek aukeratzen duten tailerraren arabera 120 euro aurrez dezakete autoaren azterketan

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 7a, 12:00

Tailerrean egindako lanen aurrekontu eta ziurtagiriak gordetzea garrantzitsua da. Edozein tailerretan egindako konponketek hiru hilabeteko edo bi mila kilometroko bermea dute.

Irache, Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak, Iruñerriko hogeita bortz lantegitan egindako ikerketa baten arabera, bezeroak aukeratzen duen tailerraren arabera 120 euro aurrez ditzake autoaren ohiko azterketan. 

Tailer batetik bertzera eskulana %50 baino gehiago garestitu daiteke. Bildutako datuek adierazten dutenez, lantegi batzuek eskulana orduko 37 euro kobratzen dituzte, eta bertze batzuek, aldiz, 80 euro. Kontuan izan behar da prezioak libreak direla, eta, beraz, establezimendu bakoitzak bere prezio propioak jartzen dituela.

Orokorrean, eskulana tailer autonomoetan merkeagoa da markako tailer ofizialetan baino. Batzuen eta bertzeen arteko aldea %35 ingurukoa da, nahiz eta, aipatu bezala, batzuetan garestitze hori %50etik goitikoa izan.

Irachek burututako inkesta baten arabera, nafarren %53k autoa tailer autonomo batera eramaten du, %38k markaren tailerrera.

Bezeroak tailerrak idatzizko aurrekontua eman diezaion eskubidea du. Aurrekontu hori onartzen ez badu, langilea ezin da jardunean hasi. Hala ere, Iratxek dituen azken datuen arabera, tailerren %24k ez dute idatzizko aurrekonturik eskaintzen. Konponketan matxura berriak identifikatzen badira, bezeroari jakinarazi beharko zaio, batez ere, konponketak kostua garestitzen duenean. Gainera, aurrekontuan entrega-data ere adierazi behar da, izan ere, atzerapenak izaten baitira tailerretako eztabaiden iturburu nagusia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun