Nafarroako harri-jasotze eta txinga-eramate txapelketak jokatuko dituzte larunbatean Irurtzunen

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 5a, 14:00
Daniel Saldias arraioztarrak joan den urtean irabazi zuen lehen aldiz Nafarroako txinga-eramate txapelketa.

Josetxo Urrutia leitzarra, Daniel Saldias arraioztarra eta Jesus Goñi lekaroztarra izanen dira eskualdeko ordezkariak

Nafarroako hainbat herri kirol txapelketa Iruñeko sanferminetan erabakitzen dira, baina aurten, sanferminik ezean, bertze data batzuetan egin beharko dira. Honela, azaroaren 7an, larunbatean 18:00etan Irurtzungo pilotalekuan publikorik gabe eginen den saioan gizasemeen Nafarroako harri-jasotze eta txinga-eramate txapelketak erabakiko dira. Emakumezkoena ere egun horretarako iragarri zegoen, baina kirolari nahikorik bildu ez denez, ez da eginen.

Harri-jasotze txapelketan hiru kirolari ariko dira: Leitzako Josetxo Urrutia izanen da eskualdeko ordezkaria eta berekin batera, Irurtzungo Jon Irañeta eta Iruñeko Alvaro Zugarrondo lehiatuko dira. Bina minutuko txandetan, 125 kiloko zilindroarekin, 112,5 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko bolarekin ariko dira.

Nafarroako txinga-eramate txapelketan, berriz, sei kirolari ariko dira. Arraiozko Daniel Saldias da gaur egungo txapelduna eta berekin batera, Lekarozko Jesus Goñi lehen aldiz plazaratuko da. Bi baztandarrekin batera, Berriozarko Imanol Martin, Iker Goldarazena eta Oskar Aguas eta Antsoaingo Iosu Marturet lehiatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun