Ez da Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketarik eginen

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 5a, 15:00

Saran hirurtekoa eginda, AbadiƱon izatekoa zen aurten Euskal Herriko Eskolartekoa.

Azaroaren 14an Abadiñon egitea zen asmoa, baina egoera aintzat hartuta, bertan behera uztea erabaki dute Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak.

Egin ala ez egin: Eskolartekoek lurraldeetan bere bidea egin artean, egoeraren bilakaera adi jarraitu dute, Euskal Herriko Eskolartekoa gauzatu ote zitekeen erabakitzeko. Hitzordua azaroaren 14an zen egitekoa, Abadiñon, Saran hirurtekoa egin eta gero. Pandemia egoerak, ordea, ez du ekitaldia gauzatzeko aukerarik eman, eta aurten Euskal Herriko Eskolarteko azken saiorik ez egitea erabaki dute Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak.

Azken saioa da eginen ez dena, gainerakoan, lurraldeetako Eskolartekoak egin ahal izan baitira: ez dira ohiko moduan egin, noski, baina bai neurriak hartuta.

Martxoan eten, eta urrian berrekin

Gipuzkoako Eskolartekoari bi saio falta zitzaizkiola eten zen bat-batean. Urriaren 2an berrartu zuten Gipuzkoako saio horietako bat, eta finala urriaren 16an egin zen Azkoitian: Aner Peritzek irabazi zuen, eta Naia Arrizabalagak ere lortu zuen Euskal Herriko finala izanen zenerako sailkapena.

Urrian egin ziren, hain justu, lurralde gehienetan eskolarteko saioak. Urriaren hasieran egin zen, Murgian, Arabakoa: Aitor Ugarte eta Eukene De Los Aires izan ziren txapeldun eta txapeldunorde. Bizkaiko Eskolarteko finala urriaren 17an egin zen Arrigorriagan, aurretik hiru kanporaketa saio eginda: Irune Basagoitik eta Leire Vargasek eskuratu zuten finalerako txartela. Nafarroak pasa den ostiralean egin zuen bere Eskolarteko saioa: Ekhiñe Zapiainek eta Bittori Elizaldek eskuratu zituzten lehen bi postuak.

Uztailean egin zen, aldiz, Bertsularien Lagunak elkarteak elkartzen dituen hiru lurraldeetako (Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa) txapelketa: Haira Aizpuruak jantzi zuen txapela eta Irantzu Idoate izan zen txapeldunorde.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun