850 langabetu zeuden eskualdean urri hondarrean, urteko bigarren kopururik handiena

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 5a, 09:00

Industria arloan jautsi egin da langabetu kopurua urrian. Argazkian, Lesakako Arcelor Mittaleko lantegia, barrenetik.

Irail hondarrean baino hogeita zazpi gehiagok eman dute izena Doneztebeko Enplegu Bulegoan

850 lagunek emana zuten izena Doneztebeko Enplegu Bulegoan urri hondarrean, irailean baino 27 gehiagok. Urteko bigarren kopururik altuena da langabeziari dagokionez (maiatzean 856 ziren, sei gehiago).

Adinari dagokionez, 35 eta 44 urte arteko 210 lagun daude langabezian, irailean baino 4 gehiago. 55 urtetik goitiko 209 langabetu daude, irailean baino 7 gehiago. 45 eta 54 urte arteko 188 langabetu daude, irailean baino sei gehiago. Gazteenen artean, 30 eta 34 urte arteko 81 langabetu dagude (4 guttiago), 25 eta 29 urte arteko 68 (4 gehiago) eta 16 eta 19 urte arteko 16 (bat gehiago).

 

Igoerarik handiena zerbitzuetan

Zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten, eta urrian  igoerarik handiena izan duena izan da gainera, 623tik 647ra pasatuz, 24 gehiago. Industria arloan, aldiz, 121etik 119era jautsi da langabetu kopurua (bi guttiago). Eraikuntza berdin mantentzen da, 35 langabeturekin eta nekazaritzan irailean baino bi langabetu gehiago daude (28). Aitzinetik lanik egin ez dutenen artean, 21 lagun daude langabezian, irailean bainio hiru gehiago

 

Urteko bilakaera

Urte berezia izaten ari da aurtengoa eta horrek, nola ez, eragina izan du langabeziko datuetan ere. 2019 urte hondarrean 727 langabetu zeuden eskualdean. Normalean bezala, urtarrilean goiti egin zuen langabetu kopuruak (760). Otsailean beheiti egin bazuen ere (740), pandemiaren eraginez edo, udaberrian nabarmen goiti egin zuen langabetu kopuruak (martxoan 787, apirilean 838 eta maiatzean 856). Ekain hondarrean 815era jautsi zen langabetu kopurua, baina uztailean berriz ere 839ra igan zen. Abuztuan 837ra jautsi zen eta irailaren 824ra, baina udazkenearekin batera, urrian, berriz ere 850 langabetura igo da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun