Nafarroako Gobernuak ERTEan dauden langileendako dirulaguntza deialdia abiatu du

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2020ko aza. 4a, 10:00

Deialdira aurkezteko epea azaroaren 20an bukatuko da.

Covid-19aren ondorioz aldi baterako Enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpean dauden langileei zuzendutako dirulaguntza deialdia argitaratu du gaur Nafarroako Gobernuak.

Hauexek dira langileek bete beharreko baldintzak:

  • Egoitza fiskala Nafarroan izatea.
  • Gizarte segurantzako kotizazio oinarria 20.000 eurokoa edo gutxiagoa izatea 2020ko uztailaren 1aren aurreko 12 hilabeteetan.
  • Errenta aitorpeneko errentak, 20.000 euro baino gehiago ez izatea kide bakarreko familietan eta kide bat baino gehiagokotan 40.000 eurokoak.

Eskaerak eta dokumentazio erantsia telematika bidez aurkeztea lehenetsiko da, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da, edo, bertzela, NANa + Nafarroako Ogasuneko PINa.

Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriek erantzukizunpeko adierazpenen itxura dute, eta laguntzen fitxan eskuratu daitezkeen ereduen araberakoak izan beharko dute; eskaneatuta aurkeztu beharko dira, fitxategi bereizietan eta deialdi honetan erabilitako terminologiaren arabera. Hauek dira agiri horiek:

  • Lan bizitzaren txostena: txosten horren bidez egiaztatu behar da eskatzailea zenbat egunez izan den, 2020ko uztailaren 1etik irailaren 30era, ordaindutakoaren araberako langabeziako prestazioaren titularra, kontratua eten edo lanaldia murriztu zaiolako aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente baten bidez. Agiri hori Gizarte Segurantzaren web-orrian eskura daiteke (https://sede.seg-social.gob.es).
  • Kontratua: enplegu-erregulazioko espedientearen eraginpeko lan kontratua edo kontratuak, zeinengatik laguntza eskatzen baita.
  • Kotizazio oinarrien txostena: aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientearen eraginpean hasi aurreko 12 hilabeteei dagokien txostena. Agiri hori Gizarte Segurantzaren web-orrian eskura daiteke (https://sede.seg-social.gob.es).
  • Transferentzia bidez ordaintzeko jatorrizko eskaera, behar bezala betea. Bete beharreko eskaera horren inprimakia hemen dago eskuragarri: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun