145.000 pertsona baino gehiagok jarri dute gripearen aurkako txertoa hilabete batean Nafarroan, aurreko urteetan baino %61 gehiagok

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 3a, 20:00

65 urtetik goitikoen artean txertoa hartu dutenak 95.000 izatera iritsiko balira, adin talde horren %75a legoke txertoa hartuta Nafarroan.

Txertoa hartu dutenen arten 85.000 herritar 65 urtetik goitikoak dira, eta Osasun Departamentuak herritarrak osasun etxeetan hitzordua hartzera bultzatu nahi ditu.

Nafarroako 145.783 biztanlek hartu dute gripearen aurkako txertoa aurtengo kanpaina abian den lehen hilabetean; hau da, aurreko urteetan epealdi berean jarri izan dutenek baino %61 gehiagok.

Iaz 126.000 txerto dosi zituen erosiak Nafarroako Osasun sailak eta aurtengorako, aldiz, 270.000. Lehen asteetan hartu dituzte txertoa jartzeko eskaera gehien, eta horri erantzuteko aurten Internet eta telefono bidezko zerbitzua indartu du Nafarroako Gobernuak. Hemendik aitzinera, osasun etxeetara deitu beharko dute herritarrek eskaera egiteko, aurreko urteetan bezala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun