«Jendeari, oro har, positiboek berde fosforito kolorekoak izan behar dutela iruditzen zaio, koronabirusean positibo direnak zein diren urrutira ikusiko ditugula eta gure familian edo lagunartean ez dela kasurik agertuko. Baina hori ez da horrela». Hori «argi eta garbi» utzi nahi izan du Ana Ferrandez Gonzalok. Elizondoko Osasun Zentroan pediatriako erizaina da lanbidez; horrekin batera, irailaren 28az geroztik Baztan- Bidasoaldeko herritarrei Doneztebeko osasun zentro zaharrean PCR probak egiten ere aritzen da eskualdeko osasun etxeetako bertze erizainekin txandakatuz, baita Iruñeko Refenan aztarnari lanetan ere. Batean zein bertzean hurbiletik ikusten ari denak hori ondorioztatzeko bide eman dio.
«Aztarnarien lana arras gogorra, nekagarria eta astuna da»
Ana FERRANDEZ, aztarnaria
Lan gogorra
Irailean hasi zen aztarnari gisa lanean, «udan hiru eguneko formazioa jaso ondotik». Argitu digunez, «tarteka» joaten da, «larunbatetan eta igandetan». Iruñeko Refenan lan egiten duen aztarnarien lantalde finkoa 84 bat lagunek osatzen dute, ofizioz «erizainak, gizarte langileak eta administrariak» dira, baina Ferrandezen irudiko, «denentzako lana bada eta gehiago ere bai. Lanez gainezka daude, ezin ailegatuz». Hala, «haien lan karga arintzen laguntzeko» eta bide batez, «nola funtzionatzen dugun ikusteko baliagarria zaidalako» joaten da «noizean behin Refenara laguntzera». Guztira 124 dira «noizbehinka» joaten direnak, «gure lanetik aparte eta beharra dagoenean. Espainiako Defentsa Ministerioko UVE zaintza epidemiologikoko unitateetako militarrak ere joaten dira, hamar goizez eta bertze hamar arratsaldez». Probatu ondotik jakin du «aztarnarien lana, buruz, arras gogorra, nekagarria eta astuna» dela, «akitzen ez dena». Baina gisa berean, haien «eraginkortasuna» nabarmendu du, positibo direnak bilatzeko borrokan ezinbertzekoak direlakoan.
Aitzineko bi egunak
Positibo bakoitzaren arrastoari segitzean datza euren egitekoa, hau da, positibo eman dutenen hurbileko kontaktuak bilatu behar dituzte: norekin egon diren, segurtasun neurriak erabili dituzten, nork duen kutsatzeko arriskua... Aitzineko bi egunak dira gakoak: «sintomak agertu edo PCR proba egin baino bi egun lehenagotik harremana izan dutenen zerrenda osatzen dugu. Positiboa eman duenak izen-abizenak edo izengoitiak eta telefonoak ematen dizkigu eta hurbileko kontaktuei deika hasten gara». Egitekoa «beti telefonoz» egiten dutela azaldu digu eta «deitzerako, telefonoaren bertze aldean dagoena jakinaren gainean izan ohi da, positibo eman duenak aitzinetik abisatu diolako». Aztarnariak izaten dira laneko baja tramitatzen dutenak eta aldi berean, «hasieran bat eta hamar egunen buruan bertze PCR bat egin behar dutela jakinarazten diegu, eta tarte horretan, etxean konfinatuta egon behar dutela».
Jendeak deiak «normalean, ongi» hartzen dituela aipatu digu Elizondoko erizainak, nahiz eta «aunitzi, lana dela edo bertze edozein arrazoi dela ere, etxean egon behar izate hori gaizki heldu zaien». Hori bai, «euren kezka nagusiena ez da gaizki jarri eta ospitalera joan daitekeela pentsatzea. Harrigarria bada ere, are gehiago kezkatzen ditu hamar egunez gelan bakartuak egon beharko dutela jakiteak».
«Berez etxekoek bakarrik izan behar lukete hurbileko kontaktu»
Ana FERRANDEZ, aztarnaria
Nor da hurbileko kontaktua?
«Babes neurririk hartu gabe, 15 minutu baino gehiagoz, bi metro baino gutiagora egon direnak dira hurbileko kontaktuak». Positibo bakoitzeko «bana bertze sei-hamar hurbileko kontaktu» atzematen dituztela dio.
Etxekoak, adibidez, hurbileko kontaktuak dira, eta Ferrandezen irudiko, «berez, etxekoek baino ez lukete izan behar hurbileko kontaktu, positibo bakoitzeko bizpahiru edo lauzpabortz lagun». Errealitatea, ordea, bertzelakoa omen da. «Neurriak behar bezala beteko balira, hau da, maskarak erabiliko balira, segurtasun tartea mantenduko balitz edo eskuak maiz garbituko balira, etxekoez gainera ez genituzke hurbileko kontaktu gehiago izanen. Baina betetzen ez direnez, eta jendea neurriak hartu gabe ibiltzen denez, ezin da imajinatu halako egoeretatik zenbat hurbileko kontaktu ateratzen diren, zenbaitetan positibo batetik 20 kontaktu». Hori «aunitz» dela aipatu digu, ez baita hor akitzen zerrenda. «Horietako bakoitzak bere familia eta ingurua du eta horrek aztarnarion lana aunitz zailtzen du».
«Osasungintzan ezin sinetsizko esfortzua egiten ari gara, eta gizartean zertan ari gara?»
Ana FERRANDEZ, aztarnaria
«Seriotasun falta»
Horren gibelean «arduragabekeria eta seriotasun falta» sumatzen ditu Ferrandezek. «Norberaren ardura da eta hor huts egiten dugu». Bere hitzetan, «herritar multzo batek arras arduratsu jokatzen du, baina badira koronabirusa beraiekin bat ez datorrela diotenak ere, neurriak hartu gabe dabiltzanak». Horren harira, ñabardura bat ere egin du: «neurriak betetzen ez dituztenak ez dira inondik inora haurrak edo nerabeak, nahiz eta eurengan jarri den arreta». Adibide batzuk ere eman ditu: «seme-alabak eskolan egun osoan maskararekin baldin badaude, arratsaldean ez daitezela gurasoak gabe ibili, eredu izan behar dute. Edo nik maskara jantzita izatea eta ondokoak ez paratzea arduragabekeria hutsa da, nik bera ez baina berak ni kutsatzen ahal nauelako».
Halako jokabideak «izugarriak» iruditzen zaizkio: «egoera den bezalakoa izanda, arduratsuago edo koherenteago jokatzen ez dugula ikustea da okerrena. Osasungintzan eta hezkuntzan neurri aunitz hartu ditugu. Osasungintzan, erraterako, ezin sinetsizko esfortzua egiten ari gara, lanez gainezka gaude, estresatuak, eta gizartean zertan ari gara? Eskatu denok egiten dugu, baina gero neurriak ez ditugu betetzen». Gehiago ere kontatu du: «orokorrean deus ez zaigula pasatuko sentitzen dugu, baina denak zaurgarriak garela erakutsi digun birus bat ailegatu da. Egungo protesta aunitz geure burua zaurgarri ikusi izanarekin lotuta daude, zaurgarritasun egoera horrek ezinegona sortzen baitigu».
Kutsatzeak herritarron jokabidearen isla direla uste du. Aitzitik, Nafarroako Gobernua «gauzak ongi egiten» ari delakoan dago. Bere irudiko, «aztarnarien lana eraginkorra da, horregatik topatzen dira hainbertze kasu. Bertze herrialde batzuetan, kontaktuen jarraipena ez da Nafarroan adina egiten eta horrek ez du erran nahi positiborik ez dagoenik. Asintomatiko aunitz dago, %40 hala dira, baina PCRrik gabe ez dira atzematen. Nafarroan, ordea, ebakuntzak egiterakoan, ospitaleratzean, haurdun daudenei... egoera aunitzetan egiten dira PCRak».Hain zuzen, «asintomatiko aunitz» daudelako «kontaktuak lehenbailehen identifikatzea ezinbertzekoa» iruditzen zaio. «Horietako bakoitzak ohiko bizimodua egiten segitzen badu kutsatzen ari da, birusa zabaltzen». Ez hori bakarrik. «Sintoma arinak dituzten haurrengan» ere jarri du arreta: «arras sintoma guti dituzte, sukar pixka batekin edo muki guti batzuekin positibo eman izan dute eta helduek bezala, berdin-berdin kutsatzen dute». Bide batez, ondorioez ere ohartarazi du: «zenbaitengan gaitzak ondorioak utzi ditu, eta ez adinekoei bakarrik»
«Garrantzitsua da herritarrek neurriak betetzea»
Ana FERRANDEZ, aztarnaria
Ardura eta pazientzia
Gaixotasun «berria» izateak kezka areagotzen dionik ez du ukatu: «sintomak urteroko gripe eta katarroen antzekoak dira, eta etor daitekeenak beldur pixka bat eragiten digu». Baina etsipenean erori gabe, «pazientzia» eskatu du: «bederatzi hilabete dituen gaixotasun batez ari gara, dena berria da, eta ahalik eta hobekien egiten saiatzen ari gara. Osasun langileengan konfiantza izan beharko genuke». Horrekin batera, konpromisoa eskatu du: «garrantzitsua da herritarrek neurriak betetzea. Kontziente izan behar dugu geure inguruan positiboak ager daitezkeela. Ez da deus kostatzen eskuak ura eta xaboiarekin garbitzea, distantzia mantentzea edota maskara erabiltzea. Helburua «kutsatu kopurua murriztea» delako, eta «Covid- 19a duena ez delako fosforito kolorekoa».