Baiko enpresako pilotariek akordioa lortu eta bertan behera utzi dute greba

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 28a, 10:00

Greban ziren Baiko enpresako hamabortz pilotariek, tartean Oinatz Bengoetxea leitzarrak, akordioa lortu dute Eskuzko Pilota Enpresen Liga osatzen duten Baiko eta Aspe enpresekin eta hala, hasierako aldarrikapen nagusiak lortu dituztela iritzita, urriaren 9an hasitako greba alde batera uztea erabaki dute. Hainbat neurri adostu dituzte.

 
What do you want to do ?
New mail
  • EPELek Josu Eskiroz, Jon Mariezkurrena, Unai Laso eta Victor Estebani kontratuak berritzeko proposamena eginen die, «bakoitza epe batean».
  • Urteroko guttieneko soldata 25.000 eurotan finkatu dute, «beti ere jaialdiak antolatzen diren hiru autonomia erkidegoetan edukiera guttienez %80ra igotzen denean berriz ere». 
  • Estelarrak jokatzen dituzten pilotariek diru sari bat jasoko dute.
  • Hego Euskal Herritik kanpo egindako joan-etorriengatik pilotariei dietak ordainduko dizkiete.
  • Adostutako barne araudia indarrean jarriko dute.
  • Entrenamenduei buruzko araudia aldatuko dute. Pilotariek aukeratu ahal izanen dute enpresak zuzendatutako entrenamenduetara joan edo euren kontura entrenatu.
  • Soldatarik baxuenak dituzten pilotariei esklusibitate klausulak malgutuko dizkiete.

Horiez gain, bertze hainbat konpromiso hartu ditu EPELek bere gain, hala nola, botileroei, informazio eskubideari, lan egutegiari, lehiaketa egutegiari... dagozkienak.

Akordioa bi enpresetako pilotarien %90ak guttienez sinatu beharko dute eta Aspeko pilotariak ere horren parte izanen dira.

ELAk pilotarien taldea zoriondu du, «egin duten borrokagatik» eta argi utzi du «15 pilotari hauek egindako borrokarik gabe, akordio hori ez zela existituko, ez litzatekeela posible izanen». Sindikatuaren hitzetan, «akordio horrek erakusten du posible dela prekarietateari aitzin egitea antolakuntzaren bitartez».

 
What do you want to do ?
New mail

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun