Nafarroako aizkolariek ez dute Euskal Herriko hirugarren mailako kanporaketan parte hartzerik izan

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 26a, 08:00
Polancok eta Aranberrik lortu zituzten finalerako azken txartelak igandean Aramaion.

Finalean ariko den seikotea erabakia gelditu da asteburu honetan Araban eta nafarrek ez dute parte hartzerik izan konfinamenduarengatik

 

Euskal Herriko hirugarren mailako aizkolari txapelketako azken bi kanporaketak jokatu dituzte asteburu honetan Araban, larunbatean Agurainen eta igandean Aramaion. Nafarroako konfinamendu egoeraren ondorioz, aizkolari nafarrek ez dute parte hartzerik izan. Larunbatean, beraz, ez ziren Beintza-Labaiengo Jon Telletxea eta Etxarri Aranazko Goizeder Belza aritu eta igandean, Berako Oier Larretxea eta Arribeko Ibai Soroa eta Uharte-Arakilgo Iker Gorriti ere ez ziren plazaratu. Hori dela eta Federazioak aztertuko du egoera, posible bada pandemiaren ondorioz parte hartu ezin izan duen aizkolaririk txapelketatik kanpo ez uzteko.

Kanporaketei dagokienez, larunbatean Segoviako (Espainia) Alvaro Garciak eta Unai Otaegi gipuzkoarrak lortu zuten finalerako txartela eta igandean, Arabako Luis Polancok eta Gipuzkoako Julen Aranberrik. Beraiekin batera, joan den asteburutik txartela lortua zuten Arribeko Txomin Amundarain eta Leitzako Julen Olano ariko dira oraindik lekua eta data zehaztu gabeak dituen finalean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun