Gobernuak 120.000 euro baino gehiago inbertituko ditu Nafarroa Ezagutu Sareko garapen jasangarrirako zazpi proiektuetan

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 26a, 19:00

Zugarramurdiko leizeak, Plazaolako Bide Berdearekin batera, izan dira Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren onuradunak.

Nafarroako Gobernuaren Lurralde Antolamendurako, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoen Departamentuak 120.000 euro baino gehiago banatuko ditu Nafarroa Ezagutu Sareko kide diren 7 entitateren artean. Aukeratutako ekimenen artean Plazaolako bide berdearen hobekuntzak eta Zugarramurdiko leizeen egokitzapen lanak daude. 

Gobernuak, gehienez ere, 25.000 euroko dirulaguntza emanen dio proiektu bakoitzari, bakoitzaren inbertsioaren %80 finantzatuz. Zazpi proiektuetatik bi eskualdeko ekimenak dira:

  • Plazaola Partzuergo Turistikoak Plazaolako Bide Berdearen ordezko bide bat egokituko du Bartolo tunelaren inguruan, Lekunberrin, 2019an eginiko azterlan baten arabera luizi-arrisku handia baitago bertan. Nafarroako Gobernuak 15.981,68 euro emanen ditu lan hau finantzatzeko.
  • Zugarramurdiko Udalak, bere leizeen kudeatzailea den neurrian, Covid-19aren ondorioz museoan egin behar izan diren egokitzapen lanak finantzatzeko baliatuko du jasotako laguntza (21.087,67 euro). Izan ere, noranzko bakarreko ibilbidea sortu beharrak, ezinbertzean, hainbat esku-hartze egitea eragin du: leize txikiak ixtea, seinale berriak… Era berean, bisitarien pilaketak saihesteko harrera-gunean hainbat hobekuntza egin dira, eta hondaturik zeuden zenbait itxitura konpondu dira.     

Nafarroa Ezagutzeko Sarea ekimenaren helburua landa eremuan dauden naturgune eta interes espazioak dinamizatu eta erakargarri bilakatzea da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun