Maddi Sarasua Laskarai nagusitu da Xilabako final herenetako bigarren saioan

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 26a, 18:00

Sarasuak azaroaren 7an Izpuran ospatuko den Final Aitzinekoan kantatzeko lekua lortu du.

Sohütan jokatu zen Xilaba Bertsolari Txapelketako Final Herenetako bigarren saioa. Egoitz Zelaia eta Elixabet Etxandi Goienetxek egin zuten bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. 180 bertsozalek bete zuten Sohütako Herriko Gela. Datorren larunbatean fase honetako hirugarren saioa lehiatuko da Izturitzeko Herriko Gelan.

Xilaba 2020 Bertsolari Txapelketari segida emanez, Final Herenetako bigarren saioa jokatu zen Sohütako Herriko Gelan.

Saio honetako irabazlea Maddi Sarasua Laskarai izan zen, 323,5 punturekin. Honelaxe gelditu da sailkapena:

1. Maddi Sarasua Laskarai 323,5
2. Egoitz Zelaia 320,5
3. Elixabet Etxandi Goienetxe 301
4. Maindi Murua Berra 295,5
5. Mizel Mateo 289
6. Iker Altuna 273

Xilabako Bertsolari Txapelketaren Final Herenetako hirugarren eta fase honetako azken saioa, hurrengo larunbatean (urriak 31), lehiatuko da Izturitzeko Herriko Gelan. Odei Barroso Gomila, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Xumai Murua Berra, Ramuntxo Christy, Xan Alkhat, eta Ortzi Idoate bertsolariekin. Saioaren ondotik erabakita geldituko da, Amets Arzallus Antiarekin batera zein bertsolari izanen diren Final Aitzinekotan kantatuko dutenak. 

Saioa 17:00ean hasiko da. Ohi bezala, sarrerak lekuan berean erosi ahalko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun