Gaurtik aitzinera eska daitezke Errigoraren saskiak

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 24a, 10:00

Bertze urte batez, hemen da Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina, aldi honetan berritasunez beteta. Iaz bezala, Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko produktuez osatutako hiru saski eskainiko dituzte azaroaren 12ra arte eta, jasotakoaren %25 bertako euskalgintzara bideratuko dute.

19. Korrikaren mezuan Lorea Agirrek errandakoari eutsiz, Egiten duguna gara leloa aukeratu dute: «auzia ez da izan ala ez izan. Nolako edo halako izan. Kontua ez da hori. Kontua ekitea da. Egitea. Egiten duguna gara». 

'Egiten duguna gara'
Errigoratik adierazi dutenez, «egiten duguna gara dei bat da, euskal jendarteari kanpaina honetan parte hartzeko deia; saskiak eskatuta, %25eko ekarpena egiteko Tuterako, Lodosako eta Vianako ikastolei; Erriberako AEKri; Sortzenek hezkuntza publikoan D ereduko lerroak zabaldu eta mantentzeko egiten duen lanari eta Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskarari hauspo berria emateko helburua duen Agerraldia egitasmoari». Gisa berean, «egiten duguna gara asmo-adierazpena» dela nabarmendu dute: «azken urteetan ekarpenetik partida bat gorde izan dugu Agerraldia izeneko egitasmoa martxan jartzeko, euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko eta euskararekiko jarrera baikorrak birsortzeko ekintzak egiteko».

Bertzetik, «egiten duguna gara jarrera bat» dela diote: «aldatu nahi ditugun egoeren aurrean ardura hartzekoa». Hala, ikastolen jaialdiak, Sortzenen jaia eta Korrika alde batera utzi izanak eragin dien diru-galera arintzen laguntzeko, AEKri, Seaskari eta Sortzeni laguntzeko aukera izanen da Errigoraren kanpaina honetan.

2013an kanpaina abiatu zenetik ia 1,2 milioi euroko ekarpena egin zaio euskalgintzari


Gehiago ere bai. «Egiten duguna gara baieztapena» dela uste dute Errigoran: «aspaldiko urteetan askotariko jatorri eta grinak ditugunen artean egiten ari garen komunitatearen egiaztapena». Oroitarazi dutenez, 2013an kanpaina abiatu zenetik ia 1.200.000 euroko ekarpena egin zaio euskalgintzari, baina «hori baino askoz gehiago lortu du Errigorak, hala nola, auzolana balioan jartzea; zonaldeko 25 ekoizlek bat egin eta ekoizpenaren eta euskararen alorrean urratsak ematea edo euskal herritarren artean, ekoizle eta kontsumitzaileen artean eta pertsona eta kontzeptu ustez apartekoen artean zubiak eraikitzea.».

Bortz euro gehiago ordainduz AEK, Seaska eta Sortzeni laguntzeko aukera izanen da


Hiru saski
Hiru saski atera dituzte aukeran: beltza (betikoa), 50 euroko balioa duena, kanpaina honetako saski klasikoa; berdea (ekologikoa), 60 euroko balioa duena, produktu ekologikoz osatua eta zuria (berezia), 70 eurokoa, gutiziaz osatua. Horietako bakoitza bortz euro gehiago ordainduta, hau da, saski beltza eta Korrikaren katilua eskatuta (55 euro), 12,50 euroko ekarpena eginen zaio euskalgintzari eta 5 eurokoa AEKri; saski berdea eta Seaskaren egutegia eskatuta (65 euro), 15 euroko ekarpena euskalgintzari eta 5ekoa Seaskari; saski zuria eta haziak eskatuta (75 euro), 17,50 euroko ekarpena euskalgintzari eta 5ekoa Sortzeni. Eskaerak eta ordainketak online egin daitezke, errigora.eus webgunean. Hala moldatzen ez denak herriz herri banatu dituzten eskuorrien bidez egin ahal izanen du eskaera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun