Behi-haragiaren prezioa gero eta beheitiago doala eta laguntzarik ez dutela salatu du EHNEk

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 24a, 14:00
EHNE-Nafarroak 'Elikagaien Kateari buruzko Legea' zorrotz aplikatzeko eskatu du.

Behi-haragiaren prezioak jaitsi direnez, «alarma guztiak piztu dira gutxieneko errentagarritasun tartearekin lanean ari zen sektore batean», eta halaxe jakinarazi zion EHNE-Nafarroak duela bi aste Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Departamentuari.

«Era guztietako prezioak eta kalitatea inportatzen laguntzen duten merkataritza libreko itunak, bertako produktuek lehiatzeko ahalmena» galtzen dutela salatu du EHNE sindikatuak. Gaineratu duenez, «osasun-pandemiak larriagotzen duen krisi ekonomikoarekin batera, abeltzainari ordaintzen zaion prezioa jaitsi bada ere, kontsumitzaileak ordaintzen duen azken prezioa bera da».

Sindikatuak ezinbestekotzat jo du haragitarako behien sektorean «Elikadura Katearen Legea garatu, zaindu eta aplikatzea». Kasu anitzetan, «ekoizleek beraien produktua kostu-preziotik beheiti saldu» behar izaten baitute.

Bertzalde, EHNEren iritziz,  Nafarroako Gobernuak joan den asteartean onartu eta argitaratu zuen 30 euroko dirulaguntza positiboa da. Hala ere, horrelako laguntzak sektorean eskumena duten administrazioek haragi horren merkatuaren ohiko funtzionamendua zainduko balute beharrezkoak izanen ez liratekeela salatu du sindikatuak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun