Mingain urdin gaitzaren aurkako txertaketa kanpaina abian da

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 22a, 08:00

Gaitz honek, batez ere, ardi eta behiei eragiten die.

Nafarroa Garaiko iparraldean mingain urdin gaitzarekin animalia positibo bat diagnostikatu ondotik, Landa Garapeneko Ministerioak derrigorrezko eta doako txertaketa kanpaina jarri du abian. 350.000 animaliari txertoa jartzeko 800.000 euro erabiliko dira.

Zer da mingain urdinaren gaixotasuna?

Mingain urdin gaitza birus batek sortzen du. Culicoides generoko eulitxen bidez kutsatzen da, eta hainbat espezietako hausnarkariei eragiten die (behiei, ardiei,…). Azken urteotan mingain urdin gaitza izugarri hedatu da Mediterraneoko herrialdeetan (Europakoak zein Ipar Afrikakoak), eta agerraldiak atzeman dituzte aspaldi desagertuta zegoen herrialdeetan. Balear Irletan agertu zen berriro 2000. urtean, 40 urteren ondotik. Euskal Herrian ere (Araban) kasu bat atzeman zuten 2008an.

Nola diagnostikatzen da?

  • Isolatzea, odol eta ehun laginen bidez.
  • Antigorputzak atzematea txertatu gabeko animalietan.
  • Diagnostiko diferentziala: Sukar Aftosoa, Estomatitis Besikularra, Behien Beheitiko Birikoa, Katarro Sukar Gaiztoa, Ardien Nafarreria, IBR; Parainfluenza-3, Ektima Kutsakorra, Poliartritisa, Itzemina, Hausnarkari Txikien Izurritea, Zenurosia eta Aktinobazilosia.

Sintomak

Ardietan sintoma kliniko guztiak ageri dira: Muki-mintzen hantura, hemorragia eta edemak. Gainerako espezietan, normalean, ez du sintomarik eragiten.

Epidemiologia

Culicoides generoko eulitxen bidez transmititzen da. Nolanahi ere, umatzeko dauden behi-ardien kasuan, karenaren bidez transmititu ahal zaio fetuari. Mingain urdin gaitzaren birusa ez da transmititzen animaliekin edo artilearekin kontaktuan egoteagatik, ez eta esnea kontsumitzeagatik ere.

 

Mingain urdin gaixotasuna edo ardien katarro sukarra

Nola prebenitu daiteke gaitza animalietan?

  • Gaitzaren aurrean zaurgarriak diren animaliak txertatuz.
  • Kasu susmagarri guztiak jakinaraziz erakunde eskudunei.
  • Ustiategiko animalia guztiak hiltzeak ez du gaixotasun errotik kentzen.
  • Kaltetutako ustiategiko edo ustiategietako animalien mugimendua murriztuz.
  • Fokuen inguruan babes- eta zaintza-eremua ezarriz fokuen inguruan, 100 eta 50 kilometrokoak hurrenez hurren.
  • Animaliak barnean gordez, bektoreen jarduera handieneko orduetan.
  • Bektorek kontrolatzeko, moskitoak hiltzekoak eta uxatzekoak erabiliz.
  • Fokuaren inguruan ezarritako babes- eta zaintza-eremuetan ikerketa klinikoak, serologikoak eta epidemiologikoak eginez.

Zein arrisku eragiten dio osasun publikoari? Gizakiari eragiten dio?

Ez, mingain urdinaren gaitzak ez dio gizakiari eragiten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun