Haize zakarraren ondorioz ezusteko ugari

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 21a, 09:01

Hainbat tokitan zuhaitzak erori dira eta errepidea moztu behar izan dute. Goizueta eta Hernani lotzen dituen NA-4150 errepideko 15. kilometroan bidea moztu behar izan dute eta Almandoz eta Irurita lotzen dituen NA-2540 errepidea ere moztuta dago, 0 eta 9 kilometroen artean zuhaitzak dudelako bidean. Arraiozen herriko pista zaharretik ezin da pasa eta Donezteben Intzakardi parkea itxi behar izan dute.  Zure inguruan ere halako ezustekoak izan badira, eman horren berri 744 48 43 61 zenbakira Whatsappa bidaliz.

Goizueta aldean, zuhaitz ugari erori dira, eta suhiltzaile boluntarioak errepidea eta baserrietarako bideak garbitzen aritu dira gauez. Horrez gain, Hernanira bidean, zuhaitz horietako batek bidea oztopatzen duela jakinarazi dute, eta kamioiek ez dutela pasatzeko aukerarik.

Arizkungo herri sarrerako zuhaitzak ere bota ditu haizeak eta Arraiozen, herriko pista zaharra itxita izateaz gian, harrobiko errepidea ere zuhaitzez eta harriz beteta dagoela jakinarazi dute. Herritarrak motozerrarekin bideak garbitzen ari dira.

Igantzin, berriz, San Juan Xar parean eta herrira sartzeko biribilgunean ere zuhaitzak erori dira, errepidea oztopatuz. Lesakako Udalak, bere aldetik, haizearen ondorioz hainbat bide itxita gelditu direla jakinarazi du eta udalak bere baliabideak horiek irekitzeko bideratu dituela. Hala ere, herritarren laguntza eskatu du: «norberak ahal duen heinean, bere bidea irekitzen laguntzeko eskatzen dugu. Ezinezkoa bada, udaletxera deitu eta ahal bezain agudoen bidea irekitzera joanen gara».

Donezteben Intzakardi parkeko bortz ezki bota ditu haizeak eta segurtasunagatik eta garbitzeko parkea itxi egin dute. Sunbillan ere hainbat kalte eragin ditu haizeak.

Arantzan, Sunbillan eta Beran, bertzalde, argirik gabe daude.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun