Hizkuntza paisaia euskalduntzeko zerbitzua abian da

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 20a, 19:00

Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektorea euskaratzeko baliabideak, orain errazago eta denen eskura.

Merkataritza, ostalaritza eta oro har zerbitzu sektorean euskara naturaltasunez erabiltzeko baliabide ugari eskaintzen ditu UEMAk, doan. Bertzeak bertze, faktura takoak, kartelak eta sektorekako hiztegiak. Orain, kartelak eta gainerakoak eskatu ahal izateko gunea osatu du.

UEMAko kide diren udalen laguntzarekin, UEMAk urtero egiten du kanpaina udalerri euskaldunetako ostalarien eta merkatarien artean, gutunak edo posta elektronikoak bidaliz, beraien zerbitzuak herriaren erakusleiho diren heinean euskara ezinbertzekoa dela nabarmenduz eta horretarako hainbat argudio eta azalpen emanez, hizkuntza paisaia euskaratzeko laguntza eskaintzearekin batera.

Gutun horietan, euskara erakusleihora ateratzea aukera paregabea dela gogorarazten die UEMAk urtero merkatariei, ostalariei eta zerbitzu sektoreko eragileei. Bertzeak bertze, honakoengatik:

  • Zerbitzua bezeroaren hizkuntzan eskaintzea kalitatezko zerbitzua ematea delako. 
  • Herritarren gehiengoa euskalduna delako, %70etik gora; gazteak are gehiago. horrez gain, euskaraz hitz egin ez arren ulertzen dutenak eta ikasten ari direnak anitz dira.
  • Herritarrek eta turistek eskertzen dutelako euskara erabiltzea.
  • Euskara delako gure herriko berezko hizkuntza, gure izateko eraren parte delako, eta hori erakusteak berezi egiten gaituelako.
  • Dendak, jatetxeak eta tabernak herrian erreferenteak direnez, herriaren erakusleiho apartak direlako, eta udalerri euskaldunen errealitatea islatzeko ezinbesteko bidelagunak direlako merkatariak eta ostalariak.

Hau guztiagatik, zalantzaren bat badute edo laguntza behar izanez gero, udalarekin edota UEMArekin harremanetan jartzeko eta eskaerak lasai egiteko gonbidapena jaso dute zerbitzu sektoreko eragileek. Orain, gainera, uema.eus/kartelak gunearekin, errazago izanen dute eskaerak egitea eta nahi dituzten kartelak eskatzea. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun