Bertsonautak, Malerreka-Baztango taldea, 2020ko Bardoetan txapeldun

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 19a, 08:00

Lizarra Ikastolako aretoan jokatu zen Bardoak ekimeneko finala larunbatean, giro beroan; edukiera mugatzeko neurrien ondorioz, 100 lagun bildu ziren ekitaldian. Berako 'Lamixene', Malerreka-Baztango 'Bertsonautak' eta Leitzako 'Atekaberts komeni' taldeak aritu ziren bertsotan. Azkenean, 'Bertsonautak' taldekoak izendatu dituzte txapeldun.

Urtarrilaren 31n abiatu zen 2020ko Bardoak, Nafarroako taldekako bertsolari txapelketa, eta larunbatean bukatu zen, Lizarra Ikastolako aretoan egindako finalean. Tartean, hamar hilabete joan dira, eta ia zazpi hilabeteko etena, Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz. Azkenean, osasun prebentziorako neurri guztiak beteta, eta edukiera 100 lagunetara mugatuta, jokatu zen taldekako txapelketako finala. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Lizarra Ikastolarekin eta Nafarroa Oinezekin elkarlanean antolatu zuen saioa, eta laguntzaile izan zituen Lizarrako Bertso Eskola eta Lizarrako Udala ere. Hiru talde izan ziren kantuan: Berako Lamixene, Malerreka-Baztango Bertsonautak eta Leitzako Atekaberts komeni. Azkenean, bi ordu pasako saioaren ondotik, Bertsonautak izan ziren garaile.

Hasierako agurrek jarri zioten abiapuntua saioari. Musikak lagunduta, aurkezpenerako baliatu zuten taldeek agurra. Horren ondotik, ofizioen txandari heldu zioten. Zortziko handian, Aitor Elexpuru eta Iker Gorosterrazu aritu ziren kantari, biharamunean Lizarran Nafarroa Oinez-a ospatu beharko litzatekeela eta, arduratuta lehena, eta erabat ahaztua bigarrena. Zortziko txikian, bi birusen larrutan aritu ziren Alazne Untxalo eta Aitzol Eizmendi; gripe arruntaren birusa bata, eta koronabirusarena bestea. Seiko motzean, Julen Zelaieta eta Miel Mari Elosegi Luze ibili ziren bertsotan, kontaktuak miatzen dituen Radar Covid aplikazioaren harira.

Hiruna punturi erantzun zioten gero Iker Gorosterrazuk, Xabat Illarregik eta Patxi Castillok. Ondotik, hurrenez hurren, poltsa beroari, festetako txanoari eta Korrikako petoari bertso bana kantatu zioten Julen Zelaietak, Alazne Untxalok eta Miel Mari Elosegi Luzek. Horren ondotik, koplen ariketan, kantuan aritu ziren Egoitz Gorosterrazu, Ekhiñe Zapiain eta Ane Intxausti. Aplikazio anonimo baten bitartez, hiruko sexuala egiteko gelditu dira hirurak, eta agertu direnean ohartu dira txikitako klasekideak direla.

'Bat, bi, hiru' jolasean, binaka aritu ziren hiru taldetako kideak, gai-jartzaileak emandako zerrendari, habanera doinuan puntuka, ahalik eta hitz gehien eransten. Zuhaitz motak bildu behar izan zituzten Lamixenekoek, etxeko tresnak Bertsonautek, eta koloreak Atekaberts Komenikoak. Ondotik, bakarka aritu ziren Alazne Untxalo, Xabat Illarregi eta Patxi Castillo, gaia emanda.

Hiruko ofizioan, haur jaioberri beraren beldurra, ilusioa eta harridura izan ziren, hurrenez hurren, Miel Mari Elosegi "Luze", Ekhiñe Zapiain eta Egoitz Gorosterrazu. Gero, eta saio puntuagarriari amaiera emateko, puntuka aritu ziren hiru taldeak. Lamixene taldekoek, osasun neurrien ondorioz kontzertua eserita ikusi behar zuten heavy zaleak gorpuztu zituzten. Bertsonautak delitu baten errekonozimendu erronda baterako deitutako boluntarioak izan ziren. Atekaberts komeni taldekoak, azkenik, igogailuan itxita gelditu ziren bizilagunen paperetik aritu ziren.

Ariketa puntuagarri guztiak bukatuta jakinarazi zuten talde irabazlearen izena. Orduan izendatu zuten Bertsonautak taldea 2020ko Bardoetako txapeldun. Lizarrako Bertso Eskolako eta Nafarroako Bertsozale Elkarteko hainbat ordezkarik banatu zituzten sariak. Horien ondotik, bertsolari guztien azkeneko agurrekin bukatu zen saioa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun