Korrika 2022ra gibelatu dute

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 16a, 13:00

2021ean egitekoa zen euskararen aldeko lasterketa erraldoiaren 22. edizioa. Baina egoera ikusita, 2022ra gibelatzea erabaki du AEKk. «Erabaki latza, gogorra eta tristea» izan dela adierazi du, baina gaineratu duenez, «2022ko udaberrian herriz herri igaroko gara, kaleetan eta herrietan elkartuko gara berriro».

Gasteizen hastekoa zen 2021eko martxoan egitekoa zen Korrikaren 22. edizioa baina «bizi dugun egoerak apal eta zuhurrak izan behar dugula erakutsi digulako» gibelatu dutela jakinarazi dute gaur Asier Amondo Korrikako arduradunak eta Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusi elizondoarrak. «Erabakirik onena» izan dela gaineratu dute «pandemiaren transmisioa ahalik eta gehien murrizteko».

AEKrentzako ere kolpe handia izanen dela adierazi dute, euskaltegietako lana ekonomikoki babesteko laguntza baita Korrika. Hala, «inbertsioak areagotzeko» eskaera luzatu dute eta administrazioari «euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez direla nahikoak» gaineratu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun