2020ko Bardoen finala sarrerak agortuta eta edukiera mugatuta jokatuko da

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 15a, 12:00

Atekaberts komeni taldeko Ane Itxausti Atarrabian egin zen saioan.

Nafarroako Gobernuak iragarritako neurri berrien ondorioz, are gehiago murriztu behar izan du antolakuntzak heldu den larunbatean Lizarran eginen den ekitaldirako edukiera. Gauzak horrela, ez da sarrera gehiagorik salduko, ez aurretik, ezta saioaren egunean bertan ere.

Dena prest dago 2020ko Bardoen finalerako. Larunbatean jokatuko da, 17:00etatik aurrera, Lizarra Ikastolako areto nagusian. Hiru talde izanen dira aurrez aurre, hirurak finalaurrekoetako fasean sailkatuak: Leitzako Atekaberts komeni, Berako Lamixene, eta Malerreka-Baztango Bertsonautak. Urtarrilean abiatu eta pandemiaren eraginez zazpi hilabetez etenda egon den ibilbidean azken geltokia izanen da, 23 saiotan azkena. Orduan jakingo da zein talde den txapeldun Bardoak Nafarroako taldekako bertsolari txapelketaren bosgarren edizioan.

Nafarroako Gobernuak atzo bertan iragarritako neurrien ondorioz, antolakuntzak are gehiago murriztu behar izan du ekitaldirako edukiera. Neurriak betetzeko, asko jota 100 lagun bilduko dira finalean. Ondorioz, ez da sarrera gehiagorik salduko, ez aitzinetik, eta ezta saioaren egunean bertan ere. Saioan, gainera, segurtasun eta osasun prebentziorako neurri guztiak beteko dira: ikus-entzuleen arteko distantziak, desinfekzio neurriak, maskaren erabilera, eta abar. Neurri horiek modu antolatuenean betetzeko, saiora garaiz joateko deialdia luzatu nahi du antolakuntzak. Hain justu, 15:30ean irekiko dira ateak, sarbidea errazteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun