'Osasun etxea zaindu' lelopean elkarretaratzeak deitu dituzte osasun etxeetan

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 14a, 07:00

Nafarroako Osasun Plataformak deituta, eta lehen mailako osasun arretaren alde, elkarretaratzeak eginen dituzte gaur, urriak 14, 11:00etan, osasun zentroen aitzinean.

Ez da lehenbiziko elkarretaratzea izanen, ezta azkena ere. Izan ere, Nafarroako Osasun Plataformak deituta, lehen mailako osasun arretaren eredua aldatzeko eskatuz asteazkenero 10-15 minutuko elkarretaratzeak egiteko asmoa dute. Joan den astean egin zuten lehenbizikoa eta gaurkoa bigarrena izanen da, 11:00etan osasun zentroen aitzinean eginen dutena.

«Premiazkoa» iruditzen zaie «Osasun Departamentuak neurri zuzentzaileak» hartzea, «arretaren kalitateak okerrera egin ez dezan». Osasun zentroetan iragarri duten 55 profesionalen errefortzua ez zaie «inondik inora» nahikoa iruditzen, eta beraien irudiko, «aunitzez ere gehiago behar dira». Hala, «osasun sistemaren kudeaketan aldaketa zorrotza» ere eskatu dute, eta «baliabide gehiago».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun