Baztan-Bidasoko XXVIII. Ehiza Jardunaldi Gastronomikoak urriaren 16tik azaroaren 30era eginen dituzte

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 14a, 14:00
Aurtengoa 28. edizioaren aurkezpena egin dute Bertizen.

Aurtengoan bederatzi jatetxek parte hartuko dute Baztan-Bidasoa Turismoa Elkarteak antolatutako XXVIII. Ehiza Jardunaldi Gastronomikoetan: Arantzako Aterpe (Arantza); Burlada jatetxea (Arantza); Jolastoki Taberna (Irrisarri land); Etxalarko Herriko Ostatua (Etxalar); Donamariako Benta (Donamaria); Ordoki Erretegia (Arizkun); Elbeteko Posada (Elbete); Olari jatetxea (Irurita) eta Urgain jatetxea (Oronoz-Mugairi).

Belen Urrutia Elbeteko Posadako sukaldariak eman ditu aurtengo jardunaldi gastronomikoen xehetasunak, parte-hartzaileen zerrenda, Covid-19a dela eta egindako aldaketak, baita jardunaldiei lotutako argazki lehiaketaren berri ere.

Haiekin batera, Mikel Albisu, Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteko zuzendaritzako kideak azpimarratu du ehiza jardunaldiek turismoaren estazionalitatea apurtzeko izan duten garrantzia. Horretarako sortu ziren duela 28 urte eta egun ere horretan laguntzen dute.

Prentsaurrekoan, Belen Urrutia  eta Mikel Albisurekin batera, Ruben Garate, Olari jatetxeko nagusia izan da eta jardunaldiak babestuko dituzten enpresen ordezkariek ere: Pirineos Exdin, Inurrieta arnotegia, Errotazar artisau Produktuak, Baztango Ehiza eta Arrantza Elkartea eta Taxi Baztan.

Aurten eutsi egin zaio Ehizatu pintxoa ekimenari eta hainbat jatetxetan ehiza pintxoa dastatzeko aukera izanen da. Pintxoa eta Inurrieta ardoa lau eurotan eskainiko dira.

Ehiza Jardunaldietako VI. Argazki Lehiaketa ere martxan jarriko da urriaren 16tik azaroaren 8ra eta irabazlearen izena azaroaren 10ean, www.baztan-bidasoa.com webgunean, Facebook eta Twitter bidez jakinaraziko da.

Saria: bi pertsonendako otordua 2020ko Ehiza Jardunaldi Gastronomikoen baitan gozatzeko eta datorren edizioko kartelaren eta eskuorrien irudia izatea. Maximo Martinez Gorritik ateratako argazkia da aurtengo sariduna. 

Maximo Martinez Gorritik ateratako argazkia da aurtengo sariduna. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun