Aurreko urtean hasitako bideari jarraipena emanez euskarazko IKTen inguruko doako ikastaro-ziklo bat abian jarri du Sarean euskarazek. Zazpi ikastaro mota eskainiko ditu Nafarroan, eta eskualdean bi jorratuko dira.
Musika sortu eta nahasteko aplikazioak
Mugikorrek, tabletek eta antzeko gailuek eskaintzen dituzten musika aplikazio berriak modu erraz, intuitibo eta dibertigarrian erabiltzen irakatsiko dute ikastaro honetan. Ikastaroaren zuzendaria Dj Makala izanen da eta izen-emateak www.sareaneuskaraz.eus webgunean egin behar dira.
Ohar gisa, nork bere smartphonea edo tableta eta aurikularrak eramatea ezinbestekoa da.
Ikastaro hau eskualdean bi herrietan burutuko da. Lehenik Elizondon urriaren 23an 16:45etatik 18:45era Arizkunenean eta bigarrena Beran azaroaren 6an 17:30etatik 19:30era Beralandetan.
Pribatutasuna Sarean
Sare sozialetan uzten dugun arrastoa nolakoa den eta sare sozialak egoki erabiltzen laguntzeko hainbat aholku eskainiko ditu ikastaroak. Tailerraren zuzendaria GISA Elkarteko Maider Likona izanen da.
Eskualdean herri bakarrean eskainiko da ikastaro hau, Goizuetan urriaren 24an 11:00etatik 13:00etara Ganbara Aretoan.