Baiko enpresako pilotariek greba eginen dute

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 8a, 16:30

Atzo enpresarekin egindako bileraren ondotik, hamabortz pilotarik bat egin dute greba deialdiarekin, tartean, Oinatz Bengoetxea leitzarrak. Bortz pilotari dira lanuztea ez egitea erabaki dutenak, horien artean, Aimar Olaizola goizuetarra.

Baiko enpresako arduradunekin bildu zen atzo Bilbon pilotarien ordezkaritza, joan den irailaren 16an pilotariek enpresari jarrera aldatzeko egindako eskaeraren ondotik lehenbizikoa. Ez ziren gustura atera, «ilusioz eta gogoz» joan baziren ere, enpresaren aldetik «borondaterik eza» ikusita, «burumakur, triste eta etsita» aterako zirelako. Horren ondotik, pilotariek gaur jakinarazi dute bihartik aitzinera greba eginen dutela. Enpresako hamabortz pilotarik eginen dute lanuztea, tartean, Oinatz Bengoetxea leitzarrak.

Zehazki ondoko hiru asteetan ortzirale, larunbat, igande eta astelehenetan eginen dituzte lanuzteak. Horren arabera, larunbatean Baikoko Asier Agirrek eta Joan Ander Albisuk jokatzekoa zuten Binakako Txapelketako partida erabakiorra ez da jokatuko eta finalera zuzenean sailkatuko dira Joseba Ezkurdia eta Julen Martija. Bertze aldaketarik ez bada, Aimar Olaizola goizuetarra eta Mikel Urrutikoetxea izanen dituzte kontrario urriaren 18an jokatuko den finalean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun