'Irakurri, gozatu eta oparitu', irakurzaletasuna bultzatzeko ekimena gaur abiatuko da Malerrekan eta Leitzaldean

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 15a, 10:00
Urriaren 13tik abenduaren 9ra gauzatuko da hainbat herri eta eskualdetan

Kultur egitasmo honek gizartean euskarazko irakurzaletasunaren sustapena eta liburutegi publikoen zerbitzuen ikusgarritasuna ditu helburu nagusi.

Aurtengoan gainera, egitasmoak literaturzaleak irakurketatik atera duen bizipenari erreparatu nahi izan dio eta sarritan beste norbaitekin esperientzia hori konpartitzeko duen gogoari; irakurketa partekatuari, alegia. Egitasmoaren aurtengo edizioak horrelaxe jasotzen du bere leloan: (irakurtzean) zurekin oroitu naiz. 

Hortaz, ia bi hilabeteko iraupena izanen du kanpainak liburutegietan. Aurten egitasmoaren datak Liburutegien egunera (urriak 24)  eta Gabon aurreko opor garaira lotuko dira, alde batetik, udal-liburutegien funtzioa azpimarratzeko.

Irakurketak lotzen gaitu

2020ko edizio honetan, ekimenak berrikuntzak ezarri ditu aurreko urteekin alderatuta. Aurten egitasmoa irakurlea eta haren irakurketaren inguruan sortutako ekosistema afektibo eta emozionalean zentratzen da. Izan ere, liburu bateko pasarte, hitz edo esaldi bat irakurtzean irakurleak konexioak egiten ditu ingurukoekin. Segundo batzuetako konexio hori da Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoak bultzatu eta saritu nahi duena, gizakion arteko loturak hain garrantzitsuak diren 2020 gogor honetan.

Egitasmoan parte hartu nahi duen orok irakurri duen liburu hori inguruko bati oparitzeko aukera izango du, beretzako mezu pertsonal bat idatziz. Publiko guztiari zuzenduta dagoen ekimen honetan parte hartzeko ondorengo hiru pausu erraz hauek jarraitu beharko dira:

  1. Lehenengo pausoa herriko liburutegira joan eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzean datza.
  2. Liburua irakurri eta bukatzean, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete beharko da. Bertan, irakurleak bere datuak bete beharko ditu, liburua etxean jasotzeko eta liburua oparitu nahiko liokeen pertsonari mezu bat idazteko aukera izanen du. Fitxa hori liburuzainak jasoko du eta behin ekimenaren epea bukatuta, zozketa batean sartuko da beste parte-hartzaile guztien fitxekin batera.
  3. Oparitu. Zozketan irabazle gertatzen direnek beren etxean jasoko dute liburua hasieran idatzitako mezua itsatsita duela eta oparitua izateko prest!

Guztira 500 liburu banatuko dira Euskal Herrian zehar. Horrez gain, liburutegiek irakurketa gailu elektronikoak zozketatuko dituzte liburutegi bakoitzean irakurle parte-hartzaileen artean.

Euska idazleen liburu gomendioak

Zer irakurri zalantzan dauden irakurleek Aingeru Epaltza eta Uxue Alberdi idazleen irakurketa esperientzia izanen dute lagun; izan ere, bakoitzak liburu gomendioen-zerrenda osatu bat sortu baitu egitasmoaren baitan. Proposamenak 5 ataletan banatu dituzte, liburutegietan eskaintzen diren aukera anitzak azpimarratu nahian: narrazioa, eleberria, itzulpena, saiakera eta poesia.

Proposamen horiek guztiak lagungarri izatea da helburua baina ez dira muga izango irakurri eta oparitu nahi den liburua aukeratzerako orduan; liburutegian eskuragarri dagoen euskal literaturako edozein liburu hautatzeko aukera izango baitu irakurleak.

Webgunea: www.topagunea.eus/irakurri

Liburutegiak:

  • Leitzako Liburutegi Publikoa
  • Doneztebeko Liburutegi Publikoa

Informazio gehiago:

  • Topagunea:
    • Barezi Uriarte 94 621 51 16 / barezi@topagunea.eus
  • Leitza, Arano, Goizueta eta Aresoko Euskara Zerbitzua:
    • Dabid Anaut, 948 51 08 14 / laga@iparmank.eus
  • Leitzako liburutegi publikoa:
  • Malerrekako Euskara Zerbitzua:
    • Eneko Anduaga, 948 451 746 / euskarazerbitzua@malerreka.eus
  • Doneztebeko liburutegi publikoa:
    • Marga Erdozain, 948 450 909 / bibliodoneztebe@yahoo.es

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun