Nafarroako Bertsolari Txapelketa atzeratzea erabaki du Nafarroako Bertsozale Elkarteak

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 5a, 13:00
Nafarroako Bertsolari txapelketa gibelatzea erabaki dute oraingoz. Argazkia 2019ko finalekoa da.

2021eko urtarril eta martxo artean zen ospatzekoa Nafarroako 45. Bertsolari Txapelketa, baina Covid-19ren pandemiak eraginda, atzeratzea erabaki dute antolatzaileek. Dena dela, plaza indartzen segituko du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Nafarroako Bertsolari Txapelketa ez da zegokion datetan jokatuko. Hala erabaki du Nafarroako Bertsozale Elkarteak, bere oinarriak kontsultatu eta egoera aztertu ondotik. Covid-19ren pandemiak –eta hura kontrolpean hartzeko neurriek– egitasmoaren berezitasunak bermatzea zailtzen dute, eta bereziki jartzen dute ezbaian txapelketaren oinarrizko irizpidea den aukera berdintasuna. Bertzeak bertze, honako egoerak sortu daitezke: bertsolariak konfinatu behar izatea, eta ondorioz txapelketan parte hartzeko aukera galtzea; saiotik saiora epaimahai bera bermatzeko zailtasunak izatea; saio batetik besterako aldaketak saioaren beraren edukiera eta ezaugarrietan; etab. Gauzak horrela, txapelketa urtarriletik martxorako epean ez egitea erabaki du elkarte antolatzaileak. Pandemiaren bilakaeraren arabera erabakiko da data berria.

Dena dela, kultura segurua dela azpimarratu nahi du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Txapelketaren berezitasunak bermatzea zaila da egungo egoeran, baina aukera badago bestelako saio asko antolatzeko. Osasuna bermatu eta bertso saioak antolatzea ez dira bi gauza kontrajarri. Zentzu horretan, txapelketaren hutsunea Nafarroako bertso plaza sustatzeko baliatuko du NBEk, aurrerago zehaztuko diren egitasmoen bidez. Antolatzaile diren gainerako eragileei ere kulturaren aldeko apustuari heltzeko gonbita luzatu nahiko genieke. Kulturak eta bertsolaritzak merezi dute.


Transmisio arloan buru belarri
Plazatik harago, bertsolaritzaren transmisioan buru belarri ari da Nafarroako Bertsozale Elkartea. Azken 35 urteetan egin bezala, aurten ere jarri dugu martxan Bertsolaritza Irakaskuntzan egitasmoa. 2020/2021 ikasturtean, hain zuzen ere, Nafarroa osoko 47 udalerritako 60 ikastetxetan ariko gara bertsolaritzaren oinarriak irakasten. Guztira, 2.800 ikaslek jasoko dute programa, zazpi irakasle espezialisten eskutik.

Bertso Eskolek ere asteon ekingo diote ikasturteari. Izen emate epea beteta, haur, gazte zein helduentzako 28 talde osatu dira, Nafarroa osoko hamabost udalerritan. Bertsogintzan sakontzeko gune dira Bertso Eskolak, eskola orduz kanpokoak; horrez gain, euskararekin jolastu eta trebatzeko eta sorkuntza gaitasunak garatzeko gune ere badira.

Bietan, Hezkuntza Arautuan zein Bertso Eskoletan, osasun prebentziorako neurri guztiak bermatzeko konpromisoa hartu du bere gain Nafarroako Bertsozale Elkarteak. 

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun